Ohiko itxuragaz egingo dute Ispasterko artisau eta nekazal azoka
Ispasterko artisau eta nekazal azokak bere ohiko itxura izango du, zapatuan. Hogei postu inguru egongo dira eta abereak ere egongo dira, bi urteko etenaren ondoren. Produktu bakoitzeko postu bat izango da.
Zapatuan artisau eta nekazal azoka egingo dute Ispasterren. Azken urte bietan, pandemiak azokaren murrizketa ekarri ondoren, bere ohiko formatura bueltatuko dira aurten, eta Lea-Artibaiko nahiz inguruko nekazariak, abeltzainak, sortzaileak zein artisauak Ispasterren bilduko dira, goizean zehar.
Ispasterko Udaletik adierazi dutenaren arabera, “pozgarria” da azokaren egitura normalera itzultzea. “Koronabirusaren sasoirik latzenetan ere, bertoko ekoizleek beren espazioa mantendu ahal izateko espazio segurua sortu genuen, eta azokari ibilbide itxura eman genion, distantziak errespetatzeko sarrera eta irteeragaz; aurten, ez dugu horrelakorik egin beharko, ohiko egiturara itzuliko gara, eta berrikuntza batzuekin, gainera”, azaldu du Eskarne Gogenola Ispasterko kultur zinegotziak.
Guztira, hogei postu inguru egongo dira zapatuan eta, azaldu dutenez, eskualdeko ekoizleek edukiko dute “lehentasunik handiena”: “Ez diogu inori aterik zarratzen, baina lekukoarekiko apustu sendoa ere egiten dugu, eta, horrenbestez, eskualdeko ekoizleei merezi duten tokia eman gura diegu”. Azokan, batik bat, Markina-Xemeingo, Berriatuko, Amorotoko, Bedaronako, Gizaburuagako, Lekeitioko edota Milloiko ekoizleak egongo dira; horiez gain, Mungia nahiz Eibarkoak ere bertaratuko dira.
Berritasunak. Aurtengo azokak, ohiko itxurara bueltatzeaz gain, berritasunen bat edo beste edukiko du. Batetik, produktu edota eskaintza bakoitzeko ekoizle bakarra egongo da. Horregaz, hartzaileak “ahalik eta eskaintzarik zabalena eta anitzena eskuragarri izatea” bilatu dutela adierazi du Gogenolak. Bestetik, urte biko etenaldiaren ondoren, abereak azokara itzuliko dira eta, hortaz, aberedun postuak egongo dira Ispasterren. Antolatzaileek, herriko bizilagunez gain, “inguruko udalerrietako jendea” hurreratzea espero dute.