Uraren bidea bertatik bertara ezagutzeko aukera
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak bisita programazio berria plazaratu du. Batetik, ikasle, kolektibo eta enpresek aste bitartean bisitatzeko programazioa kaleratu dute; bestetik, norbanako zein familientzat diseinatutako 'Ur Partzuergoa Ezagutuz' bisitak zapatuetan egingo dituzte.
Koronabirusaren pandemia egoerak eragindako geldialdiaren ostean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hornidura eta saneamendu instalazioak bisitatu ahal izateko programazio berritua plazaratu eta apian ipini du. Partzuergoak, era berean, herritar guztiei gonbita luzatu die guztiak dira instalazioak bisitatzera bertaratzeko.
Adierazi dutenaren arabera, “hezkuntzaren arlokoak, profesionalak, publiko orokorra edota familiak” dira bisiten programazioaren hartzaile nagusiak. Gainera, azaldu dute ordutegia luzatuko egingo dutela eta, horrez gain, posible izango dela bisitak asteburuetan egitea. Beste alde batetik, instalazioak bisitatzea doakoa izango da.
Bisita programaren jomuga, azaldu dutenez, “herritarrek uraren hiri-zikloan inplikatutako prozesuak ezagutzea” da; horregaz batera, “fase guztien garrantzi esaguratsuaz ohartzea ere bai”. Fase horiek ondorengoak dira: uraren bilketa, hornidura edota arazketa. Programak “enfasi handia” ipiniko du herritarren sentsibilizazioan. Partzuergotik adierazi dute “ura zaintzeko eta zentzuz erabiltzeko garrantziaren inguruan hausnartzera” gonbidatu gura dituztela, “gizarteak konpromiso hori hartu behar duelako, jasangarritasunerako bidean urratsak egin gura baldin badira”.
Lekeition eta Ondarroan. Ikasle, kolektibo zein elkarteentzako diseinaturiko programaren bisitak astelehenetik barikura bitartean egin ahalko dira, eskola orduetan. Une hauetan bisitatu daitezkeen partzuergoaren Bizkaiko instalazioen artean, besteak beste, Lekeitiokoa eta Ondarroakoa daude. Horiez gain, Beteluriko instalazioak (Arrigorriaga) eta Garaizarko (Iurreta) edateko uren tratamendutegiak, Galindoko (Sestao) eta Arriandiko (Iurreta) hondakin uren araztegiak, Unibertsitateko sifoia (Bilbo), Etxebarriko eta Santurtziko ekaitz andela eta Undurragako urtegia (Zeanuri) ere bisitatu daitezke dagoeneko.
Zapatuetan Ezagutu Ur Partzuergoa programaren txanda izango da. “Publiko osoari zabalik” dagoen programa da, eta edonork eman dezake izena, banaka zein taldeka; bisitak, gainera, gidatuak izango dira. Bisitari taldea gehienez 25 lagunekoa izango da. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik azaldu dute “bisita dibulgatiboak” izango direla: “Garapen jasangarrirako hezkuntza programa baten modura diseinatuta daude”.
Jasangarritasunerako hezkuntza ” denok parte hartu dezakegun begibistako auzia” dela adierazita, bisiten programazioa testuinguru hirukoitz baten barruan kokatu dute: ingurumena, gizartea eta ekonomia barnebiltzen ditu. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Agenda 2030egaz eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GIH) estrategikoki adostutako helburuekaz “bat egin” duela argitu dute.