Galbaixoak bizi- bizi
Iñaki eta Maren Alkortak jantzi dute txapela marmitako lehiaketan. Giro aparta dago Mutrikuko herrian, Galbaixoak abian daudela.

Sukaldariak izan dira Galbaixo Txiki Eguneko goiztiarrak. 10:00ak emanaz batera, Beheko Plazan marmitako lehiaketako parte hartzaileak batu dira. Ez ordea taldekide guztiak, bakoitzetik bi arduratu dira janaria prestatzeaz. Beharrezko materiala banatu eta martxan hasi dira.
Txikienek ere ez dute hutsik egin. 11:00etarako Egañaneko frontoi ondotik, txirristada erraldoian behera jAitsi dira behin eta berriz, Gaztetxeko ateraino. ZipriZtinez josi dituzte ikusleak, eta barre algara artean aritu dira goiza igarotzen.
Txistu hotsa ere aritu da kaletan barrena. Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin batera, txistularien kalejirari jarraituaz asko izan dira Beheko Plazarainoko bidea egin dutenak. Txistua, dantzaldiak, eta baita korrikaldiak ere. Gora eta behera aritu dira herriko gazteak buruhandiengandik ihes egiteko nahiarekin, baina bat edo beste harrapatu dituzte bidean.
Eguerdian, jada marmitako usain ederrak Beheko Plaza hartuta zuela, soinu paregabeek gozotu du eguerdia. Mutrikuko Musika Bandako kideek kontzertu ederra eskaini diote herritarrei, eta hauek txaloz eskertu dituzte jotako pieza guztiak. Gainera, Miguel Arrietari omenaldia eskaini diote. Familiako kideei oroigarri bat eskaini, eta hitz ederrak jaurti dituzte «musika maite zuen» mutrikuarraren inguruan.
Txapeldunak. Marmitako lehiaketako sari banaketarekin hasteko unea heldu da. Beheko Plaza gainezka egonik, giroa pil pilean, eta 15 kazola prest irabazlea izendatzeko zain. Aurten, gazteen parte hartzea handiagoa izan dela nabarmendu dute, eta hori «pozgarria da» gaineratu dute antolatzaileek. Parte hartzaile, zein gainontzeko herritarrak begiradak agertokian ezarrita, lehenengo sei taldeak igotzen joan dira sariak jasotzera, herritarren txalo artean. Baina eguneko irabazleak Iñaki eta Maren Alkorta, aita-alabek izan dira, txapela jantzita lehiaketako irabazleak izan dira, eta gogoz ospatu dute guztiek. Ondoren, enkanteari bide eman zaio, eta hain zuzen ere 100 eurotan eraman dute aita-alabek prestatutako punta puntako marmitakoa.
Jan edanaren uneari so egin ondoren, sokamuturraren txanda helduko da.














































































































































































































































































































































































































































