Haurreskolako lanei ekingo die Berriatuko Udalak
Urte amaierarako lanak amaituta eduki nahi dituzte. Eskolako haurrek jolasleku berriagaz hasi dute ikasturtea.

Eskola berriko azken lanak amaituta, haurreskolaren proiektuari kolpeko dio orain, Berriatuko Udalak. Jon Arriola Berriatuko alkateak jakitera eman duenez, datozen asteetan hasiko dituzte lanak. Argitu duenez, lanen helburua, bere garaian Musika Eskolagaz egin zen moduan, haurreskola ere eskolako eraikinera lekualdatzea da, “hezkuntzarekin zerikusia duen guztia eraikin berean zentratuta egon dadin”.
Obrak lizitatu berri dituzte, eta proiektua Eiguren enpresak gauzatuko du. Udalaren asmoa da lanak urte amaierarako amaitzea eta umeek 2023a eskola berrian hastea.
Arriolak azaldu duenez, haurreskola berria eskolako eraikinaren sarreran egongo da kokatuta, ezkerreko partean, hain zuzen ere. Sarrera independentea izango du, sarrera nagusiaren ondoan, eta parkera ere konektatuta egongo da HHko jolastokitik. “Kautxuzko gunea han dagoenez, umeak kanpora irten ahal izango dira jolastera”.
Jolasleku berria. Berriatuko eskolako ikasleek ikasturte hasierarekin batera estreinatu dute jolasleku berria. Udako oporraldiaz baliatu da udala eskolaren lanak amaitzeko falta zitzaizkien obra egiteko.

Egurresko jolasak ere jarri dituzte. Argazkia: Berriatuko Udala
Alde batetik, LHko aldean aterpea handitu dute, eta material naturalak erabilita gune bi eta egurrezko plataforma bat sortu dituzte. Horrez gain, lurzorua ere aldatu dute, asfaltoa zegoen lekuan lur berria jarrita. HHko jolastokian ere lurzoru guztia aldatu dute. “Ahal diren baliabide natural guztiak erabili ditugu jolaslekua berritzeko. Egurra, hondarra, piƱu azalak, egur txikitua… Egurrezko jolas desberdinak ere jarri dira”.
Umeek zeresan handia izan dute jolaslekuaren diseinuan. Joan den urtean parte hartze prozesu bat egin zuten Hiritik At enpresak gidatuta, ume eta irakasleen parte hartzeagaz, eta eta bertan zehaztu zituzten jolaslekuak jaso beharreko hainbat elementu.