Lea-Artibai eta Busturialdeko garapen ekonomikoa bultzatzen
Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak 2021 ekitaldiko datu ekonomikoak bildu ditu. Txosteneko datuen arabera, mahaiko kooperatibek eragin sozial eta ekonomiko nabarmena daukate bi eskualdeetan.
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaiak egindako azterlan baten arabera, bi eskualdeetako kooperatibak eskualdeotako garapenaren eragile ekonomiko nagusietako bat bihurtu dira. Hain zuzen ere, 2021eko ekitaldiko datu ekonomikoak bildu dituzte, eta datu horien arabera, Kooperatiben Mahaia osatzen duten Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier kooperatibek 2.000 pertsona baino gehiagori ematen zieten lana iaz, eta fakturazio bolumena 500 milioitik gorakoa izatera iritsi zen.
Txostenaren arabera, lanpostuak, zehazki, 2.123 dira, eta langile horietatik 763 emakumeak dira (%36). Guztira, 1.800 dira kooperatibetako bazkideak (%84,78), horien artean 547 dira emakumeak, hau da, %30,5. Bestalde, azken bi ekitaldietako salmentekiko I+G+Bko gastua azkenengo urtean 11 milioi eurokoa izan da, eta fakturazioa 513.785.061 eurokoa.
Kooperatiben eragina neurtzeko beste elementu garrantzitsu bat eskualdeko produkzio zentroetan egindako inbertsioa da, eta hori ia 25 milioi eurokoa izan da (24.767.270 euro). Horretaz gainera, zehaztu dutenez, 24.201 ordu bideratu dituzte formakuntzara.
Mahaia osatzen duten kooperatiba industrialek hogei lantegi dituzte nazioartean
Kooperatiben nazioartekotzeari ere garrantzia eman diote. Jakinarazi dutenez, Mahaia osatzen duten kooperatiba industrialek hogei lantegi dituzte nazioartean: Txekiar Errepublika, Eslovakia, Errumania, Txina, India, Mexiko, Polonia, Alemania, Erresuma Batua, Italia eta Indian kokatuta. Eta, 2021ean salmentetan egin zituzten 500 milioi euroetatik % 87,26 esportazio salmentak izan ziren.
Lotura. Kooperatiben eragina eskualdean egindako salmenta bolumenean ere nabari da. 2021ean, kooperatibek 15 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten bi eskualdeetako enpresen produktuak eta zerbitzuak kontratatzera, eta beste 1,4 milioi euro inguruko garapen ekonomiko eta sozialerako KOFIP funtsetara.
Ingurumenarekiko konpromisoa ere garrantzitsutzat jotzen dute kooperatibek
Kooperatiben errotzea baloratzeko orduan, euskararen ezarpena eta ezagutza ere kontuan hartu dituzte. Ildo horretatik, txostenak erakusten du euskararen ezagutza eskualdeko kooperatibetan %90 ingurukoa dela. Azpimarratu dutenez, datu horrek berebiziko garrantzia daukate bai euskararen plan eta batzordeen bitartez, eta baita elkarrekin antolatzen dituzten euskararekin lotutako jardueren bitartez euskararen aldeko apustu handia egiten duten kooperatiben mahaiako kideentzat. Hizkuntza honen alde egiten duten apustuaren erakusgarri dira, esate baterako, erakunde horietako batzuek lortutako Bikain ziurtagiriak eta Lauaxeta eta Abadia sariak.
Ingurumenarekiko konpromisoa ere garrantzitsutzat jotzen dute kooperatibek. Horren erakusle da Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maierrek, ISO 14001 Ingurumen Kudeaketaren ziurtagiria lortu izana.