Mutriku Jai Alai Master Serieseko partidak lehiatuko dira Miruaitzen
Gaur [irailak 15] finalerdiak lehiatuko dira, 22:00etan. Zapatuan [irailak 17], finala lehiatuko da, ordu berdinean, emakumezkoen finalarekin batera.
Mutrikuko Galbaixo jaiek zesta-puntako profesionalen partidak hartuko ditu, hain zuzen ere, gaur gauean izango da lehenengo lehia. Mutriku Jai Alai Master Seriesetako finalerdiak lehiatuko dira gaur gauean, 22:00etan, Miruaitzen. Eñaut eta Lopezek osatutako bikoteak Johan eta Zalaba izango ditu aurkari. Beste partidan, berriz, Goikoetxea eta Manzi, Arbe eta Salegiren aurka arituko dira. Zapatuan, emakumezkoen final handia ere lehiatuko da, Maite eta Eneritz nor baino nor gehiago arituko dira Ihart eta Maialenen aurka.
Puntako jokalariak. Danok Bat klubak eta Gernika Jai Alai Profesionalek antolatu duten Mastersean izen ezagun asko arituko dira. Alde batetik Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol López zumaiarrak. Antolatzaileek definitu duten bezala: “Historia egin duten eta egiten ari diren pilotari handiak dira”. Bi pilotalariek herriko bi gazte izango dituzte bikotekide, Eñaut Urreisti eta Mikel Mazisidor. “Eñaut eta Manzi euren bidea egiten ari dira, apurka apurka profesionalen txapelketetan burua sartuz. Uda honetan hainbat partida jokatu dizute eta besteak beste Hossegorreko denboraldian hartu dute parte”. Gainera, mutrikuarrak gazteak Espainiako kluben arteko txapelketa ere ari dira jokatzen.
Bestalde, Arbe eta Salegi markina-xemeindarrak, “gazte gaztetatik lagun handiak eta kantxa barruan kontatzeko baino partidu gehiago jokatutakoak”. Markinako Grand Slama jokatu berri dute, Hondarribian ere hartu dute parte eta Hossegorreko denboraldian ere izan dira.
Johan eta Zabala. “Johan, aurrelari biarriztar gazteak oso uda ona egin du. Daniaren itxierak oso gazte harrapatu du Johan Sorozabal baina Iparraldean jokatutako partidek eta ateratako emaitzek, ate bat ireki diote Hegoaldean ere”. Bere atzelaria, Jon “Bullet” Zabala izango da. Winter Seriesa eta Markinako Grand Slama irabazi ditu markina-xemeindarrak. Donibane Lohitzuneko Slamean ere “final itzela” jokatu zuen. Urte bikaina ari da egiten Zabala.