Berriatuko Udalak ur kontsumo arduratsua egiteko deia egin die herritarrei
Beharrezkoa den ura besterik ez erabiltzeko eskaria egin dute.
Udalerriko ur biltegiaren ur eskasia ikusita, beharrezkoa den ura besterik ez erabiltzeko eskaria egin die Berriatuko Udalak herritarrei. Egoerak berdin jarraitzen badu, aurrerago neurri zehatzak hartuko direla esan dute.
Ur falta azken aldian errepikatzen ari den arazoa da Lea-Artibain. Azkenengoz, uztail amaieran, euri eskasia dela-eta, Ur Patzuergoak bigarren fasea aktibatu zuen neurri batzuk hartzea eskatuz: botoi gabeko iturriak aldi baterako ixtea, parke, lorategi eta soloen ureztatzea debekatzea, kaleko garbiketa ezinbestekoetara murriztea, igerileku pribatuak ez betetzea, ibilgailuak eta gainazalak edo plaza pribatuak garbitzea debekatzea eta etxebizitzetan ura neurriz erabiltzea besteak beste.
Irail hasierako prezipitazioei esker, alerta aurreko egoera berreskuratzen zela jakinarazi zuen Bizkaiko Ur Partzuergoak. Hori horrela, uztail amaieran ezarritako alerta faseko neurriak bertan behera geratu ziren. Ordutik, baina, euri gutxi egin duela-eta, egoerak okerrera egin du berriro ere zenbait udalerritan.