Santaeufemiak ospatzen hasi dira aulestiarrak
Goizean jaia, gehienbat, ume eta gaztetxoei zuzenduta egon da. Batez ere eguerdi partetik aurrera asko izan dira jaiaz gozatzeko Santa Eufemiko zelaira igo direnak.
Urregarai mendiaren inguruak jendez bete dira beste behin, Santa Eufemi Eguna [irailak 16] ospatzeko. Ohi modura gaurko egunez, ermitako ateak irekita egon dira, eta meza egon da goizean bertan. Eguraldia ez da lagun izan eguneko lehen orduetan, baina pixkanaka hobera egin du, eta asko izan dira jaiaz gozatzeko Santa Eufemiko zelaira igo direnak, batez ere eguerdi partetik aurrera.
Goizean jaia, gehienbat, ume eta gaztetxoei zuzenduta egon da. Bolo topaketa, poniak eta txapel jaurtiketa izan dituzte. Euria egin zezakeelakoan, jaia bolatokiaren inguruan ospatu da batez ere, eta, hantxe, bolatokiko aterpean jo dute, esate baterako, Mirarik eta Lutxurdiok, eta horien doinuekin gozatu dute entzuleek.
Erromeria amaitu orduko hasiko da arratsaldean nagusientzako txapel jaurtiketa, eta horren ostean, beherantzako bidea hartuko dute gehienek. Izan ere, plazan jarraituko du jaiak. 22:00etan, Swingtronics taldearen kontzertua egongo da, eta ostean, DJ Uesebe.
Jarraipena domekan. Egun handiagaz hasi dira jaiak aurten, baina ez da bakarra izango. Santa Eufemi jaiek jarraipena izango dute, domekan [irailak 18] Santa Eufemin, eta irailaren 23an rock kontzertuekin herrigunean. Kontzertuetara joateko Gababus zerbitzua egongo da eskualdeko herrietatik, eta autobuseko txartelak datorren astera arte eskuratu ahalko dira ohiko lekuetan. HEMEN EGITARAUA
📸 Argazkiak: Aulestiko Jai Batzordea/Hitza