Manzi eta Goikoetxeak maila ezin hobea erakutsi zuten. Emakumezkoen lagunartekoan Ihart eta Maialen gailendu ziren.
Zapatuan lehiatu zen Mutriku Master Serieseko finaleko partidan Goikoetxeak eta Manzik, Eñaut eta Lopez izan zituzten aurkari. Lehia estuan aritu eta Miruaitzen giro paregabea ezarri ostean, Eñaut Urresti mutrikuarra eta Imanol Lopez Zumaiako pilotaria gailendu ziren Mutrikuko Masters Serieseko irabazle bezala. Antolatzaileak pozik agertu dira erakutsitako mailarekin, eta herrian izandako erantzunarekin.

Iturria: Andoni Iparragirre (Guk Jai Alai)
Osteguneko finalerdietako maila ikusi ondoren, final lehiakorra espero zen, eta ez zen gutxiagorik izan. Lehenengo unetik Eñaut Urresti eta Imanol Lopez partidan sartu ziren guztiz. Aurkariak ondo lehiatzen zuten arren, “perfekziotik hurbil aritu ziren biak ala biak”. 9-15 irabazi zuten lehen seta, eta hortik aurrera partiduak bizitasun izugarria hartu zuen. “Goi-goi mailako partidua, lau pelotariak bikain, Goikoetxea eta Lopez kementsu jokatzen eta neurketa oso berdindua”. Bigarren seta Goikok eta Manzik 15-14 irabazi ondoren, azken jokoari ekin zioten, eta oso pare ibili ostean, 4-5 irabazi zuten urdinek. Eñaut eta Lopez Masterseko txapeldun izendatu ziren.

Iturria: Andoni Iparragirre (Guk Jai Alai)
Emakumeen lagunartekoa. Frontoia gainezka zegoen, eta lehenengo partidan, Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal berriatuarrak indarrez hasi ziren, 11 eta 15 nagusituz. Bigarren jokoan, berriz, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarrak osatutako bikoteak sendo jokatu zuen. Berdintasunaren aurrean, azken seta lehiatu zuten, eta Ihart eta Maialenek eraman zuten, azkenean, “merezimendu osoz lortutako garaipena”.
Antolatzaileek partaideen maila ona nabarmendu dute: “Eñaut Urreistik eta Mikel Manzisidorrek maila ona erakutsi zuten. Gogoratu finalerdietan Johan-Zabala eta Arbe-Salegi kanporatu zituztela. Emakumeen partida ere emozioz beterikoa izan zen, Eneritz Lizardi herritarraren parte hartzearekin”. Jai Alai jaialdi polita bizi izan zuten Miruaitzen, giro ederrean burutu ziren antolatutako partidak eta harrera ezin hobea izan zuen Galbaixo festen harira antolatutako zesta-partidek.