'Ikaraz' Piztiak taldearen XXX bildumako hirugarren singlea
Kirmen Uriberen hitzak eta Txomin Uriberen musika uztartzen dituen single berria eta bideoa kaleratu dituzte.

Urtea hasi eta gutxira Piztiak taldeak XXX bilduma kaleratu zuten. Diskoa kaleratu baino lehenago single bat atera zuten, Begietara Begiratu deiturikoa, bideoagaz batera. Ondoren etorri zen, Barrun barrukuk, bildumaren bigarren singlea. Orain, hirugarren singlea aurkeztu dute: Ikaraz.
“Kirmen Uribek duela hiru hamarkada idatzitako letra honetan, sexu bereko bi gazteren maitasuna kontatzen da, nerabezaroan eta gaztaroan nor bere burua aurkitzeko dauden zalantzak, debekuak, eta azkenik, pozak ere bai. Beldurra eta desira, dena batera, munduan zure tokia bilatu nahia, askatasunaren aldarria”.
‘Askatasuna deritzon errepide bat‘ bezala definitu duten abestia, bideoarekin batera kaleratu dute. Grabazioa, edizioa eta muntaia Azpeitiko Kultura Kooperatibak burutu du, eta zuri beltza aukeratu dute bereizgarri gisa. Taldearen argazkiak eta zuzeneko ahotsaren irudiak uztartzen dira, hain zuzen ere, ibilbide bat osatuaz. Taldekideen esanetan, “azkenean, Piztiak taldearen ibilbidea horixe izan da, bilaketa bat askatasuna deritzon errepidean, hogeita hamar urtez kantatzeko eta kontatzeko modu berrien bila, kontatu ez dena, min ematen diguna, amorrua eta, orobat, bizitzako poz txikiak kantatuz, horiek ere bai”.