Puntako taldeen artean aritu da Mutriku Sokatira Taldea
Atzo amaitu zen Munduko Sokatira Txapelketa Herbehereetan, eta pozik agertu dira Mutriku Sokatira Taldekoak egindako lanarekin.

Mutriku Sokatira Taldeak Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan lehiatu du Herbehereetako Holten hirian, eta taldea ondo aritu dela aipatu du Javi Urresti taldeko kideak. Irailaren 15etik 18ra bitartean lehiatuta txapelketak bi zati izan ditu. Alde batetik, Kluben arteko Munduko Txapelketa, Mutrikuko taldeak lehiatu duena, beste bi euskal talderekin batera: Erandioko Goiherri eta Laukizko Gaztedi. Bestetik, selekzioen arteko lehia ere burutu da.
Irailaren 15 eta 16an, talde mailako lehiari ekin zioten mutrikuarrek, eta hainbat kategoriatan aritu ziren: 580 kiloko senior mistoan, 560 kiloko gizonezko seniorretan, eta 640 kiloko gizonezko seniorretan. Emaitza azpimarragarririk ez dute lortu, baina pozik agertu dira egindako lanarekin: “Hasieran hotz ateratzen ginen, baina bai mistoan eta bai 640koan, berotzen joan ginen eta ondo aritu ginen. Gustora aritu gara tiraldietan. 560ko kategorian traketsago aritu ginela esan genezake, taldea txikiagoa ere bazen.”
Irailaren 17 eta 18an, berriz, selekzio mailan aritu ziren, Euskal Herria – Basque Country izenpean. “Euskal Herriko Txapelketako kategoria bakoitzean irabazle izendatu denak lehiatzen du Euskal Selekzioaren izenean. Aurten, Gaztedik irabazi du kategoria guztiak, baina 680ko kategoria guri esleitu zaigu”. Bederatzi talde aritu ziren lehian, eta zazpigarren postua lortu zuten mutrikuarrek. Hala ere, beste talde batzuetako kideak gehitzeko aukera izaten dute, talde osatuagoa izate aldera. Adibidez, Mutriku Sokatira Taldeko Ane eta Garikoitzek Gaztedi taldekoekin lehiatu zuten kategoria mistoan. “Mutrikuko taldeko kirolariak asko mugitu gara beste batzuekin lehiatzera. Pozgarria eta aberasgarria da taldekideak hautatuak izatea, maila dutenaren seinale”.

Iturria: Mutriku Sokatira Taldea
Mutrikuko taldeko Xuban eta Urdax kirolariek 23 urte azpiko kategorian lehiatu zuten selekzioaren ordezkari izan zen taldearekin, eta maila izugarria erakutsi zuten. “Kasu honetan bai osatu zen selekzioaren talde bat, ohi ulertzen dugun bezalakoa, eta paper oso ona egin zuten taldekideek. Esperientzia izugarria izan da gazteentzat, bultzada emango die honek aurrera jarraitzeko”.
Euskal Taldeak. “Talde asko daude begirada munduko txapelketan ezarrita dutenak”. Puntako talde eta selekzio artean maila ona erakutsi dute euskal taldeek, bereziki, Gaztedi taldekoen garaipena nabarmendu daiteke. Taldeka lehiatutako 560ko kategorian, Gaztedi taldekoek maila ezin hobea erakutsi, eta lehenengo postua eskuratu zuten. Hurrengo egunean, selekzioaren izenean lehiatu zuten kategoria berbera, eta lehia bizian aritu ostean, bigarren postuan eskuratu zuten. “Maila oso ona erakutsi dute, Gaztedik ondo lehiatu zuten. Lehenengo postua Suitzak lortu zuen. Lehiaketako talde azpimarragarrietako bat zen, azken urteetan Europa mailako lehenengo postuak lortu dituena, eta begiradak munduko lehiaketan ezarrita”.

Iturria: Mutriku Sokatira Taldea
Lau egun sutsu bizi dituzte Mutrikuko taldekoek, baina bizitakoak merezi izan duela aipatu dute. “Esperientzia oso polita da, giro ezberdina izaten baita. Leku ezberdinetako jende asko biltzen da, eta gauza asko bizitzen dituzu”.