Senegaldarren jaia ospatu dute berriro Ondarroako Itsasaurren
Bi urte eta gero, berriro ere Senegaldarren jaia ospatu ahal izan dute Ondarroan. Herri bazkaria eta musika izan zituzten.
Bariku [irailak 16] arratsaldean hasi zen prestaketekin boluntario taldea. Gogoz zeuden, bi urteetako etenaldiaren ostean, aurten berriro ere Senegaldarren jaia ospatzeko. Pandemia aurretik modura, Ondarroako bizilagunez gain, Berriatuko, Mutrikuko, Eibarko, Elgoibarko eta Mendaroko herritarrak batu ziren zapatuko [irailak 17] jaira.

Janaria prestatzen aritu ziren boluntarioetako batzuk.
Herri bazkaria eduki zuten eguerdian eta musika gauean. Portuko lonja baten prestatu zuten janaria; ohi modura, Thiebou Dien eta Thiebou Xap, hau da, arroza arrainagaz eta arroza okelagaz. Jende mugarik ez da egoten parte hartzeko, hori dela eta, guztientzako nahikoa janari egoteko hasi ziren bariku arratsaldean prestaketekin eta zapatu eguerdi aldera amaitu zuten janariaren prestaketa.
Itsasaurrera eraman zuten janaria eta bertan jarritako mahaietan bazkaldu zuten lagunarteko giroan. Bertan Itsasaurren izan zen iluntzeko musika emanaldia ere.
📸 Argazkiak: Rakel Elu