Ziortzako Kontzertuek erantzun beroa jaso dute
Vandalia ahots taldearen kontzertuagaz amaitu dira domekan [irailak 18] Ziortzako Kontzertuak. 34. jaialdiak entzuleen erantzun zabala jaso du.

Ziortzako Kontzertuen bigarren asteburuan ere jendez bete da Ziortzako Monasterioa. Zapatuan [irailak 17] kontzertu zoragarria eskaini zuten La Tempestad taldeak Nuria Esperten laguntzagaz, eta domekan [irailak 18] Silvia Marquez Chulilla-ren organo kontzertuagaz eta Vandalia taldearen emanaldiagaz gozatu zuten entzuleek.
Vivaldiren programa erabat berezia eskaini zuen La Tempestad taldeak zapatuan, Silvia Marquez Chulillaren zuzendaritzapean. Lau estazioez gain La Notte eta Il Gardellino jo zituzten, Pablo Suarez Calero biolinista eta Guillermo Peñalver flautista bakarlari gisa aritu ziren.
La Tempestad taldea zuzentzeagaz gainera klabezina jo zuen zapatuan Marquezek, eta organoa, berriz, domekan. “Aditua da tekla jotzaile bezala, antzinako tekletan, eta organo kontzertu zoragarria eskaini zuen domekan Ziortzako organo eder eta zaharrean”, azpimarratu dute jaialdia antolatzen duten Ziortzako Kontzertuak taldekoek.

Silvia Marquez Chulilla Ziortzako organoa jotzen. Argazkia: Ziortzako Kontzertuak taldea
Jaialdiari amaiera borobila emateko, Vandalia ahots taldea egon zen kolegiatan domeka arratsaldean. Gesualdo eta Monteverdi barroko programa bat eskaini zuten soprano batek, kontratenore bik, baxuak eta tenoreak osatutako taldeak, eta jendea “pozik” irten zela azaldu dute.
Balorazio ona. Beste behin ere, arrakastas ospatu da Ziortzako Monasterioan egiten den antzinako musika jaialdia. Aurtengo berritasuna organo kontzertuak izan dira; izan ere, orain arte, kontzertuak bi asteburutan antolatzen zituzten, zapatu eta domeka, 18:00etan, baina, “Ziortzako organoak daukan garrantzia azpimarratu eta balorean jarri asmoz” organo kontzertuak antolatzea erabaki dute: “Domekako meza ostean eskaini dira, eta polito joan da jendearen aldetik. Ahoz ahoko zabalkundea falta izan zaigu, baina pozik gaude zelan joan diren. Jende asko izan dugu kontzertuetan. Joan den zapatuan, esate baterako, jende pillo bat batu zen, eta kontzertua hasi orduko, 17:30ean, kolegiata topera zegoen”.
Gogora ekarri dutenez, Ziortzako Monasterioa horrelako kontzertuetarako leku berezi eta aproposa da. “Horrelako jaialdi bat ezin da Euskaldunan edo Arriagan egin. Musika berezia da, eta musika hori bere garaian egin zuten leku berezietan jotzeko. Bizkaian daukagun leku zoragarri bat da Ziortza eta han daukagu Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako organo zaharrena ere”.
Jarraipena. Esan dutenez, antolatzaileen asmoa organoko kontzertuekin jarraitzea da, baina dirulaguntzen mende daudela argitu du taldeak. “Gu kultur erakunde bat gara eta kontzertu horiek aurrera eraman ahal izateko dirulaguntzak behar izaten ditugu. Horien arabera hartu dezakegu bide bat ala beste bat. Aurtengo programazioa oso ona izan da, jendearen aldetik arrakasta handiagaz, eta orain, txosten bat prestatu eta erakundeekin berba egingo dugu datorren urteko proiektua aurrera ateratzeko, hau da urtero daukagun azterketa. Aurten Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza, BBK fundazioaren laguntza, Gondra Barandiaran Fundazioaren laguntza, Energiaren Euskal Erakundearena, eta, noski, Ziortza-Bolibarko Udalaren laguntza ere eduki dugu. Horiek izan ditugu bidelagunak”.