Euskal erromeria egingo du Zaletxuak kultur elkarteak Lekeition
Bariku eta zapaturako [irailak 23 eta 24] hainbat ekintza antolatu dituzte udalaren laguntzagaz.
Euskal Erromeria ospatuko dute barikuan eta zapatuan Lekeitioko Zaletxuak kultur elkarteak udalaren laguntzagaz. «Helburua da gure dantzak eta arropak erakustea, eta aurten ermiten bidez egingo dugun moduan, gure historiako zati bat berreskuratzea», adierazi du Nerea Jauregi kultur elkarteko kideak. Azken urteetan maiatzean ospatu badute ere, koronabirusaren etenaldiaren ostean, irailera arte atzeratzea erabaki zuten.
Barikuan emango diote hasiera egitarauari, 19:00etan Iñaki Madariagak Talako San Juan historian zehar. Ermita eta defentsa gunea hitzaldia eskainiko du lehen aldiz. «Aurtengo berritasuna da eta ondo joanez gero, datorren urteetan mantenduko genuke Lekeitioko beste ermita batzuk ezagutuz», azaldu dute.
Zapatu goizean Madariaga izango da San Juan Ermitaren bisita gidatuaren arduraduna ere bai. Ermitaren inguruko xehetasunak emango ditu. Gero, hamaiketakoa jango dute eta dantzaz beteko dituzte herriko kaleak Txikirri-Txikirrik dantza taldeagaz batera erromerian. Joan den astean amaitu zen izena emateko epea eta guztira 70 pertsonek eman dute izena bazkarirako. Bazkalostean abestiak eta dantzak ere izango dira protagonistak. 19:00etan Kantu-Dantzajira egingo dute EinGo taldearen laguntzagaz 2022ko Euskal erromeriari amaiera emateko.