Mutrikuko portuko obrak abiatu dituzte
Danborzaleak herri mugimenduak sinadurak bildu ditu, eta gutuna luzatu dio Mutrikuko Udalari herri galdeketa burutzeko eskatuz.

Mutrikuko portuko obra lanak abiatu dituzte. Makinak eta langileak erabiliko duten pasabidea zehaztu dute, eta hesi bidez mugatzen ari dira. Hortaz, prestaketa lanak egite bidean, obra lanak aurrera doaz.
Dikearen obra lanak testuinguru hartuta, azken asteetan Danborzaleak Mutrikuko herri mugimenduak martxan jarritako sinadura bilketa burutu da. Herri mugimendutik jakinarazi dutenez, sinadura bilketa bukatuta Mutrikuko Udalari gutun bat helarazi diote, herri galdeketa burutzeko gaia erdigunean jarriz, “Mutrikuko herritarrek babes dikearen luzapena onartu edo baztertzen duten erabakitzeko erreferendum eskaera”.
Eskaera herri galdeketa izanik, azken asteetan sinadura bilketa bat martxan jarri dute, “ariketa hau burutzeko udalak aurreikusten dituen bideak aintzat hartuz”, eta Mutrikun erroldatutako 719 pertsonak egin dute bat erreferendumaren aldeko aldarriarekin, eta herrian erroldatu gabeko 466 lagunek. Hortaz, guztira, 1185 lagunek bat egin dute sinadura bilketan parte hartuz. “999 izen abizen eta NA atxikitu ditugu, 186 lagunek change.org orrian sinatu baitute”.
Galdeketa gauzatzeko bidea abiatzearekin batera, Danborzaleak mugimenduak hiru eskaera egin dizkio Mutrikuko Udalari gutunaren bitartez. Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzari Mutrikuko porturako dituen asmoen inguruko “azalpen garden, publiko eta zintzoa exijitzea”. Bigarrena, herri galdeketa gauzatu eta emaitzak jakin bitartean, lanak gelditzeko udalak bere esku dituen baliabideak erabiltzea. Azkenik, erreferendumaren emaitza errespetatzea.
Eskaerak eginik, Danborzaleak herri mugimenduak bere prestutasuna azaldu nahi izan dio udalari, herri galdeketa martxan jartzeko, eta ahalik azkarren gauzatze aldera.