Berdintasun Batzordearen aurkezpen saioa, Markina-Xemeinen
Berdintasun Batzordea irekia eta zabala izango dela argitu dute udal ordezkariek. Aurkezpen saioa bihar [irailak 22] egingo da kultur aretoan.
Markina-Xemeingo Emakume eta Gizonen Berdintasunerako bigarren Plana onartu ondoren, Berdintasun Batzorde bat eratzeari ekingo diote orain, Markina-Xemeinen. Batzorde ireki eta zabal bat osatzea dute asmoa, eta horretarako, aurkezpen ekitaldi bat egingo dute bihar [irailak 22], 18:30ean kultur aretoan.
Idoia Arrieta Arregi Markina-Xemeingo Udaleko berdintasun zinegotziak azaldu duenez, udal ordezkariez gain nahi duen guztiak parte hartu dezake batzordean, bai talde edo elkarte bateko partaideek zein norbanakoek ere: «Berdintasun Batzordearen helburua genero berdintasunari buruzko gaiak jorratzea izango da, ideiak partekatu eta iritzia ematea. Berdintasun Planari jarraipena egin eta ekimenak proposatuko dira aurrera eramateko».
Biharko [irailak 22] aurkezpen saioan azalduko dute, hain zuzen ere, batzordearen funtzionamendua, eta beraz, herritar guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.
Berdintasun Plana. Ekainaren 7ko Osoko Bilkuran onartu zuten Markina-Xemeingo Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana, eta 022-2025 aldirako udalak duen jarduera estrategikoari eusten dioten edukien proposamenak jaso dituzte bertan.