Erdi Aroko jaiari buruzko oharrak
Alde Zaharreko goiko kaleak itxita egongo dira. Ondarroako armarriak eskuragarri daude Turismo Bulegoan.
Ondarroako Udaletik jakinarazi dutenez, Erdi Aroko jaia dela eta, hainbat muntaia eta ikuskizun egongo dira, hortaz, aldaketak egongo dira egun hauetan herrian, batik bat ibilgailuei eta kaleko elementuei dagokionez. “Herritarroi zuen laguntza eskatu eta eskertu nahi dizuegu, jaiak hainbat eragozpen sortuko ditu, baina seguru denon artean jai polita antolatuko dugula”.
Bihar [irailak 22], barikua [irailak 23] eta zapatua [irailak 24] Alde Zaharreko goiko kaleak itxita egongo dira ibilgailuentzako, eta ezingo da aparkatu. Gainera, jaia burutuko den kaleetan dauden bizikletak (baita igogailuen inguruetakoak ere) eta kaleko beste objektuak kendu egin behar dira ikuskizunak burutu ahal izateko. Kentzen ez badira, udalak erretiratuko ditu.
Azkenik, hondakinen edukiontzi batzuk lekuz aldatuko dituztela aipatu dute, nahiz eta hurrengo egunetan beraien ohiko lekuetara itzuliko diren.
Herria atondu. Udalak Ondarroako armarriak eskuragarri jarri ditu, Alde Zaharreko etxe, atari eta balkoiak atontzeko. Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri, agortu arte. Turismo Bulegoaren ordutegia: 11:00etatik 14:00etara, eta 16:30etik 19:30era.