'Hegan aske' erakusketa ikusgai dago Zabielen
Rosi Satur artistaren lehen erakusketa irailaren 30a arte egongo da ikusgai, astelehenetik igandera 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.
Rosi Satur izenarekin sinatzen ditu bere artelanak, eta 47 lanez osatutako erakusteka ireki du Mutrikuko Zabiel Kultur Etxeko lehenengo solairuan. Hilabete osoan egongo da ikusgai.
Hegan aske deitu dio artistak bere lehenengo erakusketari, eta aitortu duenez oso pertsonala da “barnetik ateratzen zaidan guztia irudikatu dut”. Duela bost urte hasi zuen bere ibilbidea, bizitzako ezbehar baten ondorioz margotzen hasi zen. “Lorik ezin eginda ibiltzen nintzenean, margoak esku artean izatea zen nire ihesbidea, beharra sumatzen nuen, eta gutxika lotura bat sortu zen”. Bide terapeutikotik hasi zen arterekin duen harremana, eta gutxika bere bizitzaren parte izatera heldu zen, bere lehen erakusketa honekin borobildu duena.
Erakusketak berezizgarri du koloreen bizitasuna. Nonahi, kolore biziak nabarmentzen dira, ez dago beltzik, ezta grisik ere. Pigmentu naturalarekin lan egiten du, hein handi batean, baina akrilikoak ere ikus daitezke erakusketan. Gainera, bizpahiru lanetan hondarra ere erabili du gehigarri bezala. Saturraranen bizi den Mutrikuko bizilagunak bere egin du kostaldeko leku preziatua, eta bere estudio bilakatu du.
Norbera erdigunean. Hegan aske izenburuak erreferentzia zuzena egiten dio, norbere barrenak aske usteari. “Une txarretan baliagarri izan den horretan argitasuna atera da ni barrenetik, aske izateak dakarren argia”. Norbere barrenari aske ustea, eta berriz hasteko indarrak izatea dira bere lanaren erdigunean jartzen dituen kontzeptuak.
Margolanez gain, poltsak eta tazak ere egiten ditu. Gainera, erakusketa zabalik izateaz gain, taldeekin lan egiteko prest agertu da, txikienei ere artea hurbiltzeko asmoz. Hilaren amaiera arte, egunero 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara dago zabalik erakusketa. Hala ere, aurreratu duenez, hurrengo geltokia Markina-Xemein izango da.