IV. Lea-Artibai Klasikoak eskualdeko herriak zeharkatuko ditu domekan
Irailaren 25ean 09:00etan aterako da Berriatuko Cikautxoko egoitzatik martxa zikloturista.
Domekan egingo da IV. Cikautxo Lea-Artibai Klasikoa. Berriatuko Cikautxo enpresaren egoitzan emango zaio hasiera eta amaiera errepideko zikloturista martxari. “Helburua da Lea-Artibaiko herri guztiak zeharkatzea, baserri bideen gogortasuna probatuz eta itsasoa eta mendien arteko paisaia ederrez gozatuz”, adierazi dute antolatzaileek.
Bi ibilbide jarri dituzte aukeran. Batetik, 65 kilometroko eta 1.030 metroko desnibel positiboa duen ibilbide motza. Berriatutik irtengo dira parte hartzaileak, Ondarroara bidean eta kostaldeko bidetik Lekeitiora arte helduko dira. Gero, Ispaster, Aulesti eta Markina-Xemein zeharkatuko dituzte Cikautxora heldu baino lehen. Gontzugaraiko mendatekoa izango da aldaparik gogorrena.
Bestetik, ibilbide luzea 112,66 kilometrokoa eta 1.919 metroko desnibel positibokoa da. Berriatutik Lekeitiora joango dira, Ispaster, Aulesti, Markina-Xemein, Mendexa eta Gizaburuagatik pasako dira. Gontzugaraiko mendateaz gain, Mendexako igoerari eta Lekoizko mendateari egin beharko diote aurre.
Izen ematea oraindik zabalik dago eta bihar [irailak 22] arratsaldean amaituko da epea. 20 txirrindularik eman dute izena orain arte. Federatuek 15 euro ordaindu behar dituzte eta ez federatuek 25 euro.