Urriaren 2an egingo da Lea Ibilbideko X. martxa
Parte hartzeko izen emotea zabalik dago; irailaren 28a orduko bidali behar da mezu elektronikoa Lea Ibarreko Udal Mankomunazgora. Ohi modura, bi ibilbideren artean aukeratu ahalko da.
Mendexatik Munitibarreraino luzatzen den Lea Ibilbidea ezagutu edota gozatzeko aukera paregabea eskainiko du, beste behin ere, Lea Ibarreko Udal Amankomunazgoak urriaren 2rako antolatu duten Lea Ibilbideko martxak. Hamargarren martxa izango da aurtengoa, eta ohi modura, parte hartu nahi dutenek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzeak 20,5 kilometro ditu eta Mendexako muturretik, Marierrotatik abiatuko da, 08:15ean. Laburrak, bestalde, 6 kilometro ditu, eta Aulestiko Errekondo parketik hasiko da, 10:30ean.
Ibilbidean zehar bi hornidura-puntu aurkituko dituzte ibiltariek, bata Gizaburuagako Errotazar lasaigunean, eta bestea Aulestiko parkean. Argitu dutenez, bi puntu horietan zein ibilbide osoko beste gune batzuetan ere iturriak daude, eta beraz, norbere kantinplora edo botila eramatea gomendatu dute.
Lea Ibilbideko X. Martxan parte hartu nahi dutenek datorren eguaztena [irailak 28] baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako, leakomartxa@hotmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidali beharko dute izen-abizenak, nondik datozen, ume edo nagusi diren, eta ibilbide luzea edo laburra egingo duten zehaztuz.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izena aldez aurretik ematen dutenek kopaua edukiko dute ibilbidearen amaieran, Bengolako parkean, 12:00etatik aurrera. Eta, gainera, Lea Ibarreko jatetxe bateko 100 euroko jatordu baten zozketan parte hartuko dute. Zozketa hori 13:00etan egingo dute Bengolako parkean bertan.
Ibilbide osoa egiteko 4 ordu eta 15 bat minutu behar direla aurreikusten dute antolatzaileek. Laburra osatzeko, berriz, Aulestitik Munitibarrera, ordu eta erdi inguru.