Erdi Aroko Jaia ospatuko da zapatuan, Ondarroan
Herri batzordeak egindako lanari esker ia ehun ekimenez osatutako egitaraua dakar Ondarroako hiribilduaren 695.urteurrenak.
Ondarroako hiribilduaren 695. urteurrena ospatuko da zapatuan [irailak 24] Ondarroan. 2016an burutu zen azkenengoz jaia, hortaz, itxaronaldi luze baten ondoren, gogotsu daude herritarrak, kaleak atondu, jantziak atera eta kaleak ikuskizunez beteta ikusteko.
Ohiko formulari jarraituz, aurtengo egitarauak nonahi eta noiznahi eskaintzen ditu ekimenak, Alde Zaharreko zirrikitu guztiak aprobetxatu dituzte; ekintzak, ikuskizunak, esku lanak, musika… eta hamaika eskaintza gehiagogaz osatzeko. Egitarau osatu horren atzean, hainbat herritar, elkarte eta instituzio egon dira, hain zuzen ere Ondarroako hiribilduaren urteurren jaia ospatzeko herri batzorde bat osatu baita. Lau gune. Hamabi bileraren emaitza izan da aurkeztu duten egitaraua. Antolatzaileek aipatu dutenez, “parte hartzea eta konpromiso maila handia izan da, eta horren emaitza da hau”. Lau gune antolatu dituzte; Alamedan Zubi Zahar ikastolaren gunea, Musika Plazan Marabilliren gunea, Kantxopen Zaldupe eta Institutuaren gunea, eta Kofradia Zaharraren aurrean Galiziar etxearen gunea. Gune bakoitzak bere programazioa aurrera eraman du, nahiz eta osotasun batean programa bakar bat osatzen duten.
“Denok jai-giro berezian dzanga egitera eta ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu”.
Guneen banaketak antolaketa erraztea ahalbidetu du, gainera, elkarteez gain, herritar askoren parte hartzeak borobildu egin du programa: “Ekimenak proposatu eta banatu egin dira antolaketa aldetik, hala ere, elkarteez gain kaleetako ordezkariak ere egon dira, ekarpenak egin dituzte eta ekimenak aurrera eramango dituzte”.
Hortaz, herriaren lana ukaezina izan da jaiaren prestakuntzarako, eta horrela argitu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak: “Alde Zaharreko kaleetako bizilagunak eta herriko talde desberdinak elkartu gara bertan, Udala barne. Herri batzorde hau gogo handiagaz eta ilusioagaz dabil beharrean. Urtebetetze guztietan gertatzen den legez, denok jai-giro berezian dzanga egitera eta ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu”.
Herri batzordeak egindako lanari, herriaren bultzada gehitu behar zaio orain, “herritarren parte hartzea ezinbestekoa da”. Hori dela eta, Erdi Aroko itxuran janzteko gonbita luzatu zaie herritarrei, herrian egongo den giro berezian murgildu, eta herriak bat eginez guztien gozamenerako eguna bilatzeko asmoz. Bide batez, etxeko balkoiak eta leihoak izara zuri eta loreekin, estandarte, armarri edo bestelakoekin janzteko animatu dituzte, “imajinazioa erabili eta jantzi”.