Mutrikuko parke sarea proiektua ezagutzera emango dute ostiralean
Informazioa zabalduko zaie herritarrei, eta proposamenak jasotzeko karpa bat kokatuko du Mutrikuko Udalak Txurruka Plazan, ostiralean [irailak 23], 17:00etatik 20:00etara.
Mutrikuko Udalak martxoan abiatu zuen parke sarea proiektua, herriko aisialdi eta jolas eremuak hobetzeko asmoz. Herriko parkeak herritarren beharretara egokitu, jarduera anitzagoak egiteko aukera eman, eta sare bezala funtzionatzea helburu ezarriz.
Helburuak lortzeko bidean, udala aisialdi eta jolas eremuen sarea modu parte hartzailean definitzen ari da: sarearen egitura orokorra, gune bakoitzaren izaera eta ezaugarri bereizgarriak zehaztuz. “Sarearen diseinuak herritarren behar eta desio anitzak ordezkatzeaz gain, gune ezberdinen arteko osagarritasuna bilatuko du”.
Ekintzak eta emaitzak. Proiektua aurrera eramateko hainbat ekintza abiaratu ziren martxoa eta uztaila bitartean; online galdetegi irekia, elkarrizketak adinekoekin eta atzerritarrekin, tailerrak ludoteka eta gaztelekuan, eta Hezkuntza Batzordeko kideekin tailerra. Aipatutako ekintzetatik ateartako informazioarekin diagnosia osatu dute. Erabilera ohiturak identifikatu dituzte, indarguneak azaleratu eta aurrera begira egin beharreko hobekuntzak lantzen ari da Mutrikuko Udala.
Bestalde, parke sarearen izaera landu da. Hau da, parke zentrala, erabilera espezifikodun parkeak eta erabilera anitzetako parkeak zeintzuk diren definitu dira, eta horien arteko ezberdintasun eta aspektu komunak zehaztu. Herriko parke guztietan landu beharreko lau ezaugarri zehaztu dituzte:
-
Jolasgarritasuna: inguruneak, elementuek eta antolatzen diren jarduerek jolaserako aukera ematea.
-
Topaleku izaera: pertsonek topo egin, espazio berean bildu eta harremandu ahal izatea.
-
Autonomia: ibilbideak nahiz guneak irisgarriak izatea, eta herritarrek segurutzat hartzea.
-
Ordezkagarritasuna: herritarrak ingurunearekin identifikatuta sentitzea eta horretan eragiteko aukera izatea.
Diagnosia burututa, informazioa abiatuntu hartu eta parkeetan egiteko hobekuntzak zehaztuko dira orain, aipatutako ezaugarriak kontuan izanda. Lau ezaugarriak sarea osatzen duten parkeetan gorpuztu nahi dira, eta horretarako herritarren proposamenak bilduko dira.
Infomrazio karpa. Orain arteko parte hartze prozesuaren inguruko informazioa zabaldu, eta herritarrek hobekuntza proposatzeako aukera egongo da ostiralean, Txurruka Plazan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Karpa bat ezarriko dute, eta bertan prozesuari buruzko informazioa aurrez aurre jasotzeko aukera eskainiko da. Sarea osatzen duten guneen mapa (parkeak eta haien arteko loturak) ikusgai egongo dira, parkeen izaerari buruzko informazioa eskaniko da, bakoitzari emandako ezaugarriak zehaztuz, eta sareko parkeei hobekuntzak proposatzeko aukera egongo da.