Natur eta kultur ondarea, modu parte hartzaile eta iraunkorrean
Ondarearen Europako Jardunaldien 22. edizioan Lea-Artibaiko lau udalerri hauetan egingo dituzte jarduerak: Berriatuan, Lekeition, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren.
Ondarea loratuz, gozatu! Ondare Jasangarria da Ondarearen Europako Jardunaldien 22. edizioaren gaia. Beste behin, urria kultur eskaintzaz bete dute Bizkaian; 227 ekitaldigaz–140 proposamen kulturalgaz–, osatu dute agenda: bisitak, ibilaldiak eta ibilbide gidatuak, oinez edo bizikletaz; tailerrak familia osoarentzat, hitzaldiak eta solasaldiak, topaketak eta zuzeneko testigantzak, gastro-tailerrak, erakusketak, kontzertu eta topaketa musikalizatuak, ikus-entzunezko proiekzioak, bideo forumak, lehiaketak eta jarduera interaktiboak…
Ekitaldi gehienak doakoak dira, eta aurretiaz erreserbak egin behar dira. Bizkaiko 61 udalerrik bat egin dute aurten; Lea-Artibaiko lau udalerri hauetan egingo dituzte jarduerak: Berriatuan, Lekeition, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren..
Bertaratutakoei natur eta kultur ondarea modu parte-hartzaile eta iraunkorrean hurbiltzeko asmoa daukate antolatzaileek. Izan ere, iraunkortasuna da aurten ere erakunde antolatzaileek onartu eta jaso duten programaren ardatz nagusia, eta proposamenak 2030 Agendaren helburuetara egokituz egin dute garapenaren hiru dimentsioak jorratzen dituen ekintza-plana: “ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, Garapen Jasangarrirako 17 Helbururen bidez”.
“Ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronka garrantzitsuei aurre egiteko garai honetan, gure kultura-ondare aberatsa eta askotarikoa balioan jartzeko, babesteko eta zaintzeko Europako Kontseiluak iragarritakoarekin bat dator aurtengo gaia”, azaldu du Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.
Esaterako, Berriatuan mendeetan zehar garatutako errota-jardueraren “ondare material eta inmaterial aberatsa” erakutsiko dute. Lekeitioko Udalak ere Marierrotara bisitaldi gidatua antolatu du. Baina, ez da hori udalerri horretarako prestatu duten jarduera bakarra; bi hitzaldi eta bi ibilaldi gidatu egingo dituzte. Berbaldiak Mendieta ontziolari eta Santa Maria monasterioari buruzkoak izango dira, eta oinezko ibilbide gidatuetan Garraitz irlako parke arkeologikoa zein Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidearen nondik norakoak ezagutuko dituzte.
Ondarroan, berriz, herriko ikur den Zubi zaharra ardatz hartuta, eta biologian aditua den pertsona batek gidatuta, jakintzak partekatuko dituzte: padurek zein garrantzia daukaten, Ailerriko flora eta fauna zein den, lurraren konposizioa eta klima-aldaketaren zergatia eta horrek osasunean daukan eragina. Gainera, jakinarazi dute ibilbidean zehar plastikoak batuko dituztela, “horrela ikasi eta ingurua zainduta”.
Ziortza-Bolibarren bestelako proposamena prestatu dute; Arta auzoko ondarea ezagutzera hurreratuko dira, “antzerki-formako bisitaldi gidatuan”. Besteak beste, San Pedro baselizako leiho prerromanikoari buruzko informazioa jasoko dute, eta landa-paisaia “ikusgarrietatik” barrena ibiliko dira.
Esan bezala, jarduera sorta zabala bildu dute ondare jardunaldietako antolatzaileek: “kulturak eta historiaren eta ondarearen ezagutzak giza garapenean duten garrantzia, tokikotik abiatuta gauzak egiteko modu tradizionalak, aliantzak eta komunitatea indartzeko sareko lana, berrikuntzaren, sormenaren eta pentsamendu kritikoaren balioa; guztiak ere ingurumen, ekonomia eta gizarte arazoei irtenbidea emateko beharrezko elementuak”. Bilbaoren berbetan “programa eredu inspiratzailea da, ondarean iraunkortasunaren erronkari nola heldu erakusten duena. Baina, batez ere, hurbiletik eta tokian tokikotik begiratuta tradizioa, ikerketa eta berrikuntza uztartzen dituen lana da”.
LEA-ARTIBAIKO EGUTEGIA:
BERRIATUA
- Urriak 15 eta 22 (18:30). Errota hidraulikoa: teknologia eta garapen eredu jasangarri baten lekuko bisita gidatua, erakusketa eta mintzaldiak errotan bertan. Herriko plazatik irtengo dira (Goikolau Kultur elkarteak antolatuta).
- Erreserbak: 94-613 70 30/www.ondareabizkaia.eus.
LEKEITIO
- Urriak 22 (12:00). Mendietako ontziola, ondasun kulturala, monumentu bezala inbentariatuta hitzaldia, udaleko osoko bilkuren aretoan (Lekeitioko Udalak antolatuta). Sarrera doan edukiera bete arte
- Urriak 28 (19:00). Lequeitioko Santa Maria monasterioaren sorrera hitzaldia, Kultur Etxeko Azkue aretoan (Lekeitioko Udalak antolatuta). Sarrera doan edukiera bete arte.
- Urriak 29 (11:30 gazteleraz/12:15 euskaraz). Marierrota, XVI. mendeko marea-errota bisitaldi gidatua, Marierrotan (Lekeitioko Udalak antolatuta).
- Erreserbak: 688 72 70 95/www.ondareabizkaia.eus.
- Urriak 30 (11:00-13:00). San Nicolas edo Garraitz irlako parke arkeologikoa ibilbide gidatua oinez, Isuntza hondartzan elkartuta (Lekeitioko Udalak antolatuta).
- Erreserbak: 688 72 70 95/www.ondareabizkaia.eus.
- Urriak 31 (09:15). GR-38 Ardoaren eta arrainaren ibilbidea ibilbide gidatua, Bizkaibuseko geltokian elkartuta (Lekeitioko Udalak antolatuta).
- Erreserbak: 688 72 70 95/www.ondareabizkaia.eus.
ONDARROA
- Urriak 16 (11:00). Zubi zaharra abiapuntu hartuta ibilaldia (Ondarroako Udalak antolatuta), Turismo Bulegoan hasita.
- Erreserbak: 94-683 19 51/www.ondareabizkaia.eus.
ZIORTZA BOLIBAR
- Urriak 16 (10:00). Arta auzoko ondarea ezagutzen antzerki-formako bisitaldi gidatua, Ziortza-Bolibarko plazan irtenda (Simon Bolivar Museoak eta Herribixi Kooperatibak antolatuta).
- Ez da erreserbarik egin behar.