Ibilbide gogorreko BTT martxa egingo dute Etxebarrian
Etxebarriko BTT martxak 30 eta 36 kilometroko ibilbideak edukiko ditu zapatuan. Gaur-gaurkoz, 60 txirrindulari inguru daude apuntatuta, baina parte hartze muga 150ekoa da.
Zapatuan Etxebarriko BTT martxa egingo dute, 15:30ean hasita. Parte hartzaileek luzera desberdineko ibilbideak izango dituzte aukeratzeko: laburrak 30 kilometro eta 1.000 metroko desnibela edukiko ditu; luzeak, ostera, 36 kilometro eta 1.400 metroko desnibela. Biak ala biak herrigunean hasi eta amaituko dira, eta bidean anoa postu bi edukiko dituzte mendi txirrindulariek.
Izena ematea oraindik zabalik dago www.kirolprobak.com webgunean edota Olaia jatetxean eginda, eta egunean bertan ere apuntatu ahalko da; dena dela, antolatzaileek aurreratu dute gehienezko txirrindulari kopurua 150ekoa izango dela. Gaur-gaurkoz, 60 lagun inguruk izena eman dute. Izen ematearen prezioa 23 eurokoa federatu gabekoentzat eta 20 eurokoa federatuentzat.
Etxebarriko mendi bizikleta martxa “oso arrakastatsua” egin zuten iaz, antolakuntza lantaldeko Koldo Otxoak azaldu duenaren arabera: “200 txirrindulari inguruko tropela elkartu zen, eta jendeak bikain erantzun zuen”. Aurten, baina, egoera bestelakoa da. Astebururako iragarrita dagoen eguraldi txarrak, oraingoz, parte hartzaile kopurua apaldu egin du, iazkoaren aldean. Hori bai, Otxoa “ziur” dago egunean bertan “azken orduko parte hartzaile dezente” hurreratuko dela.
Ziklista guztiek lekuko ekoizleen produktuekin osaturiko mokadua eta musika izango dituzte, behin helmugaratuta. Horrez gain, bizikletak garbitzeko postua eta dutxak erabiltzeko aukera ere egongo direla azaldu du Otxoak. Era berean, tokiko produktuen zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean, eta euretako bakoitzak oroigarria ere jasoko du helmugan.