Zortzigarren Dzanga Itsas-Kayak Txapelketa lehiatuko da Lekeition
Zapatuan 12:00etan emango diote hasiera ibilbideari, Elantxobetik.
Bi urteko etenaldiaren ostean, Dzanga Piragua taldearen eskutik Lekeition itsas jardunaldia burutuko da domekan [irailak 25]. Euskadiko 28. Itsas-Kayak kopako bosgarren jardunaldia izango da Lekeition burutuko dena, VIII. Dzanga Itsas-Kayak Txapelketa. Hain zuzen ere, erabakigarria izango dena kopako txapeldunak erabakitzeko. Gainera, 2022. Bizkaiko Itsas kayak Txapelketa ere izango da.
12:00etan abiatuko da Elantxobetik, eta Lekeitiorainoko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, 13 kilometroko ibilbidea osatuaz. Gainera antolatzaileek gaineratu dutenez, “Sup race modalitateko kirolariak ere egongo dira gurekin batera Elantxobetik-Lekeitiorako zeharkaldia egiten”.
Dortsal bilketa 10:00etatik 11:00etara bitartean burutuko da, eta ondoren lasterketa abiatuko da. 11:45ean kadete, tradizional eta Sup kategorietakoen irteera burutuko da, Elantxobetik. 12:00etan, berriz, gazteak, 23 urtez azpikoak, nagusiak, eta beteranoak aterako dira. Ibilbide osoan zehar, parte hartzaileek laguntzarako ontziak izango dituzte.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, nahi duenak Elantxobera joateko autobus eta atoi zerbitzua erabiltzeko aukera izango du. 10:30ean abiatuko da autobusa Lekeitiotik ( 5 euroko gehigarria ordainduaz). Zerbitzu horrez gain, aldagelak, piraguak uzteko lekua, aparkalekua, janaria eta karga/deskarga gunea ere egongo dira.