Leartibai Fundazioak bi laguntza programa eskainiko ditu ekintzaileentzat
Lanbidegaz lankidetzan enpresa ideiak garatzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko laguntzak banatuko dituzte
Leartibai Fundazioak eta Lanbidek eskualdeko ekintzaileei laguntzak emango dizkiete. Prozesuan aholkularitza eta laguntza emateaz gain, bi programetako batean sartzen diren ekintzaileek 1.000 eta 1.950 euro arteko laguntza ekonomikoa jasoko dute.
Alde batetik, enpresa ideiak garatzeko laguntzak, “negozio-ideia bat izanik, edozein jarduera-adarretan aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileek jaso ahal izango dute”. Laguntza hau arduraldi esklusiboko erregimenean emango dute, betiere Leartibai Fundazioaren ikuskaritzapean eta tutoretzapean. Laguntza programak bi hilabeteko iraupena izango du eta 1.300 euro arteko diru-laguntzak banatuko dituzte.
Beste alde batetik, enpresa jarduera berriak abian jartzeko laguntzak ere emango dituzte. “Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko enpresa-bideragarritasuneko plan bat duten (edo egiten hasi diren) ekintzaileek laguntza hau jaso ahal izango dute”, adierazi dute bultzatzaileek. Hala ere, laguntza hartu ahal izateko arduraldi esklusiboko erregimenean egon beharko dira ekintzaileak eta aholkularitza- eta laguntza-prozesuan egon beharko da enpresa-ezarpenean. Programak hiru hilabeteko iraupena izango eta ondoren, ekintzaileek alta eman beharko dute EJZn (Ekonomia Jardueren Gaineko Zerga) prozesua amaitu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Laguntzaren zenbatekoa 1.950 euro artekoa izango da.
Hori bai, bi laguntza programen kasuan, onuradunek baldintza batzuk bete beharko dituzte: “EAEn erroldatuta egon beharko dute eta benetan bizi beharko dute bertan, eta arduraldi esklusiboaren baldintza bete beharko dute (baldin eta programa garatzen den bitartean lanaldiaren % 30 baino gehiago edo 27 egun baino gehiago lanaldi osoan lan egiten ez badute)”. Horrez gain, ekintzaileek aurreko urtean ezin izan dute alta emanda egon EJZn, ezta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere. Azkenik, aurreko programetan parte hartu dutenek ezingo dute aurtengoan diru laguntzak jaso.
Bi laguntzetan izena emateko epea urriaren 5ean amaituko da. Bi laguntza programen buruzko informazio guztia www.leartibaifundazioa.eus webgunean kontsulta daiteke edo agentziaren bulegoetara deituz 94-616 91 72.