Musikaren bidean, Bizkaiblues
Bluesa ezagutzera emateko sortutako taldea oholtzara igo da lehenengoz, eta ikusleen erantzuna ikusita, adi, hurrengo geltokia zein izango den zehaztu baitute.
Bizkaiblues talde sortu berriak zeresana sortu du bere lehenengo kontzertuaren ostean. Beraien doinuak entzun dituztenak gehiago entzuteko gogoz geratu dira.
Boskote batek osatzen du blues taldea, hala nola, Ander Gorritxategi da abeslaria, Iñaki Urrutia Errota bateria jotzailea, Iker Etxeberria baxu-jotzailea, Igor Akarregi gitarra eta Jose Urrejola, EWI instrumentu-jotzailea. Bost kide, eta hamaika talde. Ibilbide esanguratsua dute guztiek musikaren munduan, eta oholtzak ezagutzen dituzte, hortaz, esperientzia dexente daramate soinean; Jake Mate, Arima, Oskorri, Urrejola Brothers, Aterkings eta Giza Proiektua taldekideek egin duten ibilbidearen ikusgarri dira soilik.
Musikaren munduan ibilbide ezberdinak dituzte, baina denak ala denak amankomunean gauza ukaezin bat daukate: musikaz blai eginda daude. Bide ezberdinetatik abiatu izan dute beraien ibilbideak, baina kasualitate edo destinu, guztiak talde batean batu dira, eta ohikoena ez den arren, erronka polit bat ezarrita: Euskal Herrian blues talde bat osatzea.
Konexio estua, musika estilo konkretu bat eta esperientzia.
Taldearen sorrera. Gutxika sortu zen taldea. Errota bateriak eta Akarregi gitarrak elkar ezagutzen zuten, eta hor hasi zen uste gabeko ibilbidearen aztarna: «Lagunak gara, eta elkarrekin musika egiten hasi ginen, sormena aske utzi eta esperimentatu egiten genuen». Blues musika zen erdigunea saio horietan, eta egun zehatz batean Etxeberria baxua batu zitzaien.
Ia hitzik trukatu gabe, jotzen hasi ziren, eta konexio bat sortu zen beraien artean. Sarriago geratzen hasi ziren. Erreferente komunak zeuzkaten, Stevie Ray Vaughan eta John Mayer tartean, hortaz, barrenetik ateratzen zitzaien musika jotzen zuten. Hiru kide, konexio estua, musika estilo konkretu bat eta esperientzia. Abiapuntu bat baino gehiago zituzten. Saihetsezina zen: talde bat ziren. Hortaz, martxan jarri ziren, baina gakoa falta zen, abeslaria. Zein aukera hobeagoa, Gorritxategi eta haren ahotsa baino. Orain bai, talde bat ziren. Baina azken taldekidea falta zen, Urrejola. Taldekideen esanetan, «taldeko marabilli, musikari profesionala». Orain bai, taldea osatuta zegoen.
Musikari sutsuak dira, «musika zaletasuna, ondo pasatzeko grina eta egiten dugunagaz gozatzea da gure motorra». Ondo elkar ulertzen dute, eta aitortu dutenez, asko ikasten dute elkarrekin. Bostak bluesa bide erabilita bat eginez, lehenengo helmuga ezarri zuten: kontzertu bat jotzea.
Lehenengo geltokia. Blues rock bezala definitu dute beraien musika: «bertsioak egiten dituen talde bat gara momentuz, baina gure estiloa hori da». Hamar bertsio dauzkate prestatuta, eta horiek izan ziren lehen kontzertuan jo zituztenak. «Entseguetan komentatzen dugu zer kanta joko dugun, edo zein moldatu genezakeen gure estilo horretara».
«Ez genuen espero gertatutakoa, oso gustura geratu ginen egindakoagaz eta ikusleengandik izan genuen erantzunagaz».
Pride and Joy, Mary had a little lamb eta Ain`t no sunshine jotzen dituzten abestien erakusgarri dira: «Abesti gaitzak dira jotzeko, baina, aldi berean, zoragarriak, eta hor dago gure erronka». Abestiak prest izanda, agertokira igotzeko unea heldu zitzaien. Lehenengo geltokia argi zeukaten: Saturraran. «Toki berezia da, geure etxea da». Hiru egun lehenago iragarri zuten talde bezala jotzen zuten lehenengo kontzertua. Euria espero zen, eta beraiek, lagunarteko kontzertu bat. Eguna ailegatu eta jotzen hasi zirenean, baina, espero gabeko gertaera eman zen Mutrikuko hondartzan. Jende asko batu zen talde berriari harrera egitera, eta txikitasunaren berotasunak, musikaren soinu paregabeak eta bertan zeudenen gogo eta indarrrak une berezi bilakatu zuen estreinaldia.
Gorritxategiren ahotsak taldeagaz bat egitean, soinu paregabea sortu zuen, eta ikusleen erantzuna izan zen horren erakusle. Txalo artean hartu zituzten: «Ikaragarria izan zen». Epikotasunik ere ez zitzaion falta, euria ere hasi baitzen uneren batean, baina minutu batzuetako ezinegonari eutsi ostean, arnasa hartu eta kontzertuagaz jarraitu ahal izan zuten. «Ez genuen espero gertatutakoa, oso gustura geratu ginen egindakoagaz eta ikusleengandik izan genuen erantzunagaz».
Saturrarango taldeak emandako erraztasunak eta tekniko lanetan aritu zen Unai Guenetxearen lan paregabeak borobildu zuten lehen kontzertua. «Astebete egon ginen barneratu nahian gertatutakoa. Jende kopurua eta beraien feedback-a ikusgarria izan zen. Horrek aurrera jarraitzeko indarrak eman zizkigun».
Hurrengo geltokia Berriatua izango da, urriaren 7an.
Hamar kantu eskaini zituzten lehen kontzertuan, eta, orain, bultzada hartuta, taldea eraikitzen jarraituko dute. Hurrengo erronka bertsioen errepertorioa handitzea izango da, kontzertu luzeagoak eskaintzeko aukera izate aldera. Horrez gain, abesti propioak sortzeari ekingo diote. «Helburua argi daukagu, musika egin eta plazaratzea da, gure musika ezagutzera ematea». Ikusleekin bat egiteko unea ailegatzeko gogoz daude orain. Saturrarango kontzertura joateko aukera barik geratu zirenek, han egon eta gogotsu geratu zirenek eta ahoz ahokoagaz euren berri izan dutenek laster edukiko dute horretarako aukera. Hurrengo geltokia Berriatua izango da, urriaren 7an.