Abdellah Taghrafetek gizonezkoen errekor berria ezarri du VI. Ondarru-Lekitton
Barakaldoko korrikalariak ia 2 minututan hobetu du marka: 48 minutu eta 32 segundotan burutu du proba. Jone Fuente galdakaoztarra izan da nagusi emakumezkoetan. Lekeitio nagusitu da taldekakoetan.
186 korrikalarik egin dute gaur (irailak 24) VI. Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketa. Inoiz baino arinago heldu da lehen sailkatua helmugara. Oso lasterketa bizkorra izan da. Abdellah Taghrafetek Yassine Bihk zeukan marka (50.22) txikitu eta gizonezkoen errekor berria ezarri du, 48.32ko denboran. Helmugan lehenengoa eta izena ematen azkena izan zen Barakaldoko irabazlea. Lehenengo emakumea Jone Fuente galdakaoztarra izan da. 01.01.35eko denboran osatu ditu ibilbideko 16 kilometroak. Brahim el Asrik (50.27) eta Yassine Bihk (51.00) osatu dute gizonezkoen podiuma eta Idoia Nogalesek (01.03.43) eta Miriam Martinezek (01.04.10) emakumezkoena –iazko irabazlea da Martinez–.Â
Ibilbidearen hasiera eta amaiera gogorra nabarmendu dituzte helmugan korrikalariek. “Hasieran nahikoa aldapa dago, eta Lekeitioko herrigunean egiten diren azken 2 kilometroak ere nekezak dira egiteko. Hankek ez dute ondo erantzuten”, zioten. Egin duen eguraldia asko eskertu dute, eguzkiak gogor jo duen urteren bat gogoan, are gehiago: “Gaurko tenperatura ezin hobea izan da aringa-aringa egiteko”.
Lea-Artibaiko onenak Lide Azkue markina-xemeindarra eta Mireia Arrilaga eta Marina Etxebarrieta lekeitiarrak izan dira, hurrenez hurren. Gizonezkoetan, Peru Robles, Haritz Garate eta Egoitz Zalakainek osatu dute eskualdeko onenen podiuma. Lekeitioko korrikalariek eskuratu dituzte talde onenaren sariak: Peru Robles, Haritz Garate, Egoitz Zalakain eta Koldo Iturraspek gizonezkoetan eta Mireia Arrillaga, Marina Etxebarrieta, Alaitz Kortabitarte eta Maria Roblesek emakumezkoetan.Â
Iratxe Castro Tximistako lehendakaria, Jon Arriola Berriatuko alkatea, Jaione Urizar Aulestiko zinegotzia, Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta eskualdeko enpresetako ordezkariak egon dira sariak banatzen.
Balorazio ona. Tximista Atletismo Taldekoak pozik azaldu dira lasterketak emandakoagaz. “Oso ondo joan da, eguraldiagatik batzuk ez dira animatu, baina nesketan iaz 29 eta aurten 33 izan dira”, azaldu du Alberto Agirregomezkorta Tximistako kide eta antolatzaileak. Gainerako lasterketetan ere parte hartzaile kopuruak behera egin du aurten, eta Lea-Artibain 200 korrikalari inguru batzea pozgarria dela dio: “Ondarroan jaieguna da gaur, Ermuan bihar badago beste hitzordu bat, Bilbon… Lea-Artibaiko lasterketa batean 200 korrikalari inguru batzea oso ondo dago. Lasterketa izena hartzen doa”.
Kostaldeko lasterketa prestatzen lan egin dutenei, babestu dutenei, ikusten egon direnei eta parte hartu duten guztiei eskerrak emanez agurtu dute hitzordua Tximistakoek.