Ondarroak Erdi Arora jauzi egin du
Udalerriaren 695. urteurren ospakizunez bete da herria goizean goizetik. Euriak eragina izan badu ere, herritarrek ez dute hutsik egin. Alde Zaharraren apainketa ikusgarriak jendearen arreta bereganatu du.
Hilabeteetako elkarlanak bere fruituak eman ditu gaur [irailak 24]. Ondarroako Udalak eta Herri Batzordean batutako talde, elkarte, ikastetxe eta banakakoek egun beteko egitaraua prestatu dute, udalerriaren 695. urteurrenak merezi adinakoa. Eguna modu berezian hasi da, Erdi Arora jauzi eginez.
Eguraldiaren iragarpenak, zoritxarrez, ez du hutsik egin, eta goizean goizetik zaparradak bota ditu. Eguerdia gerturatu ahala, gero eta indar handiagoagaz. 12:30ean, euri urez gainezka zeuden gunez gune jarrita zeuden toldoak, eta jendea, aterpeetan. Zorionez, ateri une bat etorri da ostean, eta Alde Zaharra eta jai guneak jendez betetzen hasi dira. Asko eta asko izan dira Alde Zaharreko kaleetan joan-etorrian ibili direnak, auzotarrek egindako apainketa lan ikusgarriez gozatzen. “Lan handia egin dute, lan ederra, eta ezin dotoreago dago”, zioten bisitariek.Â
Antzinako jolasetan, dantzan, kantuan, bertsotan, asto gainean, berunagaz apaingarriak egiten, haria zelan egiten zen ikusten edota akrobazia eta malabaristen ikuskizunaren bueltan ibili dira ume, gazte zein nagusiak. Artisau lanen posturik ere ez da falta izan, eta, eguraldia lagun izan denean, jendea ibili da bateko eta besteko apaingarriak ikusi eta probatzen. “Atertzeko zain egon da jendea etortzeko”.Â
VI. Erdi Aroko jaia antolatzeko handia izan da herritarren parte hartzea eta konpromiso maila. Kofradia Zaharreko, Astilleruko, Kantoipeko, Alamedako eta Musika Plazako guneetan atseden hartu barik aritu dira lanean, jaiak osagai guztiak izan ditzan, eta herritarrek ez dute hutsik egin. Ekimenetan parte hartu dute, txosnetako eskaintzez gozatu, askok eta askok Erdi Aroko jantzita. “Urte asko pasatu dira azkenengoz Erdi Aroko jaia izan genuenetik, eta pozik gaude berriro ospatu ahal izateagatik”, zioen batek baino gehiagok. Ume askok lehen aldiz bizi izan dute gaurko jaieguna, eta emozioz parte hartu dute sasoi hartako jolasetan.