Ondarroako pentsiodunak Alamedara bueltatu dira
178 lagun bildu dira Ondarroako Alamedan, opor osteko lehenengo hitzorduan.
Udako etenaldia egin ostean, plazak hartzera bueltatu dira Alamedako pentsiodunak. Gaur [irailak 26] eman diete hasiera, eta 178 lagun inguruk egin dute Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteko kideek egindako deialdiagaz, eta pankartaren atzean batu direnek bizimodu “duinago” bat nahi dutela aldarrikatu dute.
Lehenik, Zapato Azulean jasotako izendapenaren berri eman dute, eta “oso eskertuta” agertu dira, beraien aldarria gogoan izan eta herrian emandako ikusgarritasunagaz. Gainera, udako opor aurretik Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatu eta Ondarroatik igaro zen bizikleta martxak izandako emaitza ona azpimarratu nahi izan dute, eta bertan egindako zozketaren irabazleak aipatu dituzte. Lehenengo saria Tolosara joan zen, bigarrena, aldiz, Zornotzara.
Ikasturte berria hasita, “oso pozik” agertu dira hitzorduak izandako erantzunagaz. Hortaz ohiko aldarriagaz jarraituta “Jo ta ke, lortu arte” , datorren astelehenean berriro batzeko erabakia hartu dute. Ohi modura, 12:00etan ipini dute hitzordua.