Trinketeko Beteranoen Esku Pilota Txapelketako partaideek ekitaldi kulturala eduki dute Lekeition
Ibilaldi kultural bat egin zuten zapatuan [irailak 24] Lekeition zehar. Guztira, bederatzi lagunek parte hartu zuten ekitaldian, eta "oso balorazio ona" egin dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Garraitz irla bisitatu, San Juan ermitako bisita gidatuan parte hartu eta Pietate ermita ezagutzeko aukera eduki dute besteak beste, aurten Trinketeko Beteranoen Esku Pilota Txapelketan parte hartu duten pilotariek. Urtero irteera kultural bi egin ohi dituzte txapelketa horretako partaideek. Alde batetik, asteburu bat igarotzen dute Nafarroako Basaburua bailara ezagutzen, bertako jokalari batek eta bertako udalak gonbidatuta. Txapelketa amaitu ondoren, bestalde, Lekeitio hobeto ezagutzeko txangoa egiten dute herrian zehar ibilbide kultural bat eginez.
Horrela, zapatuan [irailak 24], txakolinaren garrantzia eta Garraitz irlak Lekeitioko historian zelako garrantzia eta balioa dituzten ezagutu zituzten. Guztira, bederatzi lagunek parte hartu zuten ekitaldian, eta “oso balorazio ona” egin dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Partaideak, Mendaro, Elgoibar eta Lekeitiokoak izan dira. Antolatzaileek gogoratu nahi izan dute Lekeition jokatzen den trinketeko eskuz binakako txapelketa “40 urtetik gorakoentzako Euskal Herriko txapelketa bakarra” dela, eta kirolaz gain, kulturari ere tarte handia eskaintzen dietela, Nafarroan asteburu oso bat eta Lekeition ekitaldia eginez.