Euriak ez ditu txirrindulariak Lea-Artibain barrena gelditu
73 ziklista bildu ditu Lea-Artibai Klasikoak. Eguraldia ez dute lagun izan, baina giro ederrean osatu dute ibilbidea.
Domeka txirrindularitza eguna izan zen Lea-Artibain. Izan ere, eskualdeko udalerri gehienak zeharkatu zituen IV. Lea-Artibai Klasikoak. Antolatzaileek aurtengo txirrindulari martxaren balorazio “positiboa” egin dute, baina aitortu dute eguraldia “etsai” izan dutela. Izan ere, domekarako iragarrita zegoen aurreikuspen ezkorrak, azaldu dutenez, jende asko “atzera botatzera” bultzatu zuen, eta azkenean 73 txirrindulariko tropela egon zen irteera lerroan.
Antolakuntza lantaldekoen arabera, domeka goizean bertan parte hartzeak zelanbaiteko gorakada eduki zuen, lehen orduan ez baitzuen ari euririk. “Eguenera arte, 30 lagun inguru zeuden apuntatuta, eta azken orduan gora egin zuen kopuruak”, argitu dute. Martxaren azken aldiak erakarritako 200 lagun inguruko zifratik “urrun samar” geratu direla aitortu dute, baina bertaratutakoek “eskerrak eta zorionak” besterik ez dizkietela eman ere bai: “Agertu zirenek jakitera eman ziguten oso gustura, babestuta eta eroso sentitu zirela, eta horixe da garrantzitsuena guretzat”.
Burgos-BH taldeko Ander Okamika txirrindulari profesional lekeitiarra eta Amets Txurruka txirrindulari ohi etxebarriarra izan ziren eguneko erakarpen fokurik esanguratsuenak, behe mailetako txirrindulari gazteez gain. “Zikloturistek asko eskertzen dute goi mailako kirolariekin kilometro batzuk elkarbanatzeko aukera edukitzea eta beraiekin parez pare joatea”, adierazi dute. Bestalde, azaldu dute 11:30ak aldera botatako euriteak ere zeresan handia eduki zuela: “Txirrindulari gehienek ibilbide laburra hartu zuten, gero atzera eguzkia atera zen arren; antolatzaile gisa, hori ulertu egiten dugu, ziklisten segurtasuna eta guztiek ondo pasatzea baitira geure lehentasunak”. Parte hartzaileen erdiak, beraz, ibilbide laburra egin zuten, eta gainontzekoek, luzea.
Tokikoaren alde. Parte hartzaile denek tokiko atun lata bat jaso zuten, eta, horrez gain, eskualdeko produktuekin osaturiko 20 lote ere zozkatu zituzten. “Horregaz batera, eskualdeko herriak erakutsi gura genituenez, helmugako janari eta edaria tokiko ekoizleei erosi diegu, eta, hortaz, parte hartzaileek lekuko txorizoa eta gazta izan zituzten, indarberritzeko”. Hurrengo urtera begira, eguraldia lagun izatea edukiko dute helburu. “Gure formulagaz segitzeko asmoa daukagu: Lea-Artibaiko herriak ezagutzera ematea, baserri bideak eta itsasertza batzea, eta tokikoarekiko apustua egiten jarraitzea”, azaldu dute.