Lehen aldiz emakumeek parte hartuko dute Arretxinagako jaietako ezpata dantzan eta mahai gainekoan
Ohi modura, San Migel Egunean [irailak 29] plazaratuko dituzte dantza biak Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldekoek.
San Migel egun handiagaz emango diote hasiera jaiei aurten Arretxinagan. Arrexe elkartea izan da jaiak antolatzeko arduraduna Markina-Xemeingo Udalaren diru-laguntzagaz eta zenbait elkarteren laguntzagaz. Adin guztietarako egitarau oparoa prestatu dute, jaiek iraungo duten lau egunetan gozatzeko.
Tradizioei tinko eutsiz, meza nagusia egongo da San Migel Egunez Arretxinagako baselizan. Jarraian, aurtengo berritasun handienaren unea izango da. Lehen aldiz Zerutxu dantza taldeak genero bereizketarik gabeko ezpata dantza plazaratuko du. 2020an aratusteetako saragi-dantza eta karmenetako aurreskua neska-mutilek dantzatu zituzten, eta 2022an, Xemeingo ezpata-dantzaren eta gaueko mahai-gainekoaren txanda izango da. Lekeition ere aurten izan da lehen aldia San Pedro egunean Kaxarranka emakume batek dantzatu duena.
Jai giroari etenik ez emateko kantaldia egingo du Blue Ye-Yes taldeagaz. Arratsaldean, herri kirolari egingo diote tartea, pentatloiari, hain zuzen ere. Bi bikote ariko dira nor baino nor gehiago, batetik Xabier Zaldua eta Ainhoa Orbe, eta bestetik, Karmele Gisasola eta Ioritz Gisasola. Musikagaz girotuko dute iluntzea, lehendabizi Tarine musika eskolakoen emanaldiagaz eta Irai taldearen kantaldiagaz, ostean. 22:00etan Zerutxuko emakume eta gizonek mahai gainekoa dantzatuko dute batera lehen aldiz.
Barikua kontzertuen eguna izango da Arretxinagako jaietan. 22:00etan hasiko dira Zelanda, La Topadora eta Erruki erromeriaren kontzertuak. Lea-Artibai eskualdeko gainontzeko herrietako bizilagunak hurbildu ahal izateko Gababus zerbitzua egongo da jaietara segurtasunez joan eta etortzeko.
Zapatua umeen eguna izango da, denetarik izango dute herriko txikienek. Saroa Bikandi ipuin kontalaria, sormen tailerrak, erraldoiak, edota MarkeliƱe taldearen Chef Nature ikuskizuna izango dute. Iluntzean Kittu taldea ariko da eta gauean Txalo konpainiaren Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaia antzezleen Bost minutun ikuskizuna.
Domekan kirola eta musika uztartuko dituzte. Goizean goiz hasiko da I. Arretxinagako Txara martxa eta lasterketa, eta gero, Artibai eta Berriatua futbol taldeen arteko beteranoen partida jokatuko da Barroetan. Eguerdian, XII. Tortilla txapelketa egongo da. Ohi legez, etxetik eraman beharko dira tortillak, eta 12:00etan entregatu behar dira. Garaileak bi lagunentzako bazkaria irabaziko du Itsas-lur jatetxean. Mariachi Chamukos eta Amak taldearen kantaldiek emango diote amaiera Arretxinagako jaiei.