Markina eta Xemein batu zireneko 70 urteurrena gogoan, argazki erakusketa antolatu du udalak
Argazkiak Uhagon kulturguneko tabernan eta Erakusketa gelan egongo dira ikusgai bihartik [irailak 28] urriaren 28ra arte. Argazkiekin osatutako bideo bat proiektatuko dute udaletxeko sarreran.
Aurten Markina eta Xemein batu zirenetik 70 urte betetzen direla-eta Markina-Xemeingo Udalak argazki erakusketa berezia antolatu du udalerri bien bat-egitea oroitzeko. Guztira, zuri-beltzeko 70 argazkik eramango dute ikuslea iraganera, eta garai haietako paisaiak, jaiak eta ohiturak, garaiko lanbideak, herritarrak eta jantziak gogora ekarri edo ezagutu ahal izango dituzte.
“Iraganean gure herria nolakoa zen herritarrei erakustea da erakusketaren helburua, bai Markinak eta Xemeinek bat egin aurretik, baina baita ondorengo urteetan ere”, azaldu dute. Udalak jakitera eman duenez, Felipe Amutxastegi Duralderen lankidetzari esker egin ahal izan da erakusketa, udalari bere argazkiak utzi baitizkio.
Argazkiez gainera, herri biak bat egitearen akten kopiak ere jarriko dituzte ikusgai erakusketan, nahi dutenek kontsultatzeko. Akta horien arabera, ofizialki 1952ko irailaren 29an egin zuten bat Markinako hiribilduak eta Xemeingo elizateak gaur egun ezagutzen dugun Markina-Xemein osatuz.
Hilabetez. Argazkiak Uhagon kulturguneko tabernan eta Erakusketa Gelan egongo dira ikusgai bihartik [irailak 28] urriaren 28ra arte. Erakusketa gela zabalik egoten da astelehenetik eguenera 12:00etatik 16:30era, barikuetan 10:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Bestalde, argazki horiekin osatutako bideoaren proiekzioa ere ikusgai jarriko dute udaletxeko sarreran, astelehenetik zapatura, goizez eta arratsaldez.