Udalerri euskaldunetako ikasleek gaztelaniaz kontsumitzen dituzte ikus-entzunezkoak
Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa aurkeztu du Uemak Legebiltzarrean. LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleen 11.571 inkesta jaso ditu UEMAk, eta horietan egindako galderen erantzunekin osatu da ikerketa. Lea-Artibai eskualdean ere egin dituzte inkestak. Guztira, 982 inkesta egin dituzte berton.
Uemak agerraldia egin du gaur [irailak 28] goizean Eusko Legebiltzarrean, gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa aurkezteko. Azterlanean, telebista, sare sozialak, streaming plataformak, musika eta bideojokoen kontsumoa aztertu dute, eta euskara erdaren oso azpitik dagoela izan da atera duten ondorioa.
Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak aurkeztu dituzte datuak Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Lazkanok diagnostikoaren larritasuna nabarmendu du: “Azken urteetako sentsazioak eta kezkak datuetara ekarri nahi izan ditugu lan honekin, eta egoera makurra azaleratu da. Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza-politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan”.
Lazkanok mankomunitatearen nondik norakoak eta egitekoak azaldu dizkie legebiltzarkideei. Gogoratu du, besteak beste, udalerri euskaldunen behatoki funtzioa daukala Uemak, eta ikastetxe eta udalak bidelagun egin dela ikerketa sakona. “Eskola eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza-ohituretan duen eraginagatik. Hori bideratzeko lehen pausoa izan da honako hau, errealitatea aztertzea. Bigarren zeregina dator orain: diagnostikoaren argitan neurriak hartzea”.
Ikerketa. Egin duten ikerketak Uemako kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek betetako inkesta du oinarri. LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleen inkestak jaso ditu UEMAk, eta horietan egindako galderen erantzunekin osatu dute ikerketa.
Inkestak emandako datuen arabera, gaztetxoek ikusi duten azken serie edo marrazki bizidunetatik %10,6k baino ez du ikusi euskaraz, eta adinean gora doazen heinean jaitsi egiten da ehuneko hori: batxilergoko ikasleen %3,1ek baino ez du ikusi euskarazko serie edo marrazki-bizidunak. Lehen Hezkuntzan, marrazki bizidunak ikusteko Clan katera jotzen dute (%42,9) ETB3ra (%22,1) baino gehiago.
Hizkuntza politika sendoagoak eskatu dituzte, apustu handiago bat egitea fikzioa indartzeko, baina garrantzitsuena gazteengana heltzea denez euskarazko erreferente eta sortzaileak behar direla azpimarratu dute.
Emaitzei erreparatuta, aldaketak beharrezkoak direla adierazi dute, eta berehalakoak izan behar direla esan dute, gainera. “Mugitu egin behar dugu: abiada bizian aldatzen ari da hau, eta gaiari heldu egin behar diogu. Urgentea da”.
Kontsumoaz gain eskaintza ere begiratu beharko litzatekeela esan du Goikoetxeak. Eskaintzarik gabe kontsumorik ez dagoela, eta horrek ere eragina dauka hizkuntzaren erabileran. Egoera horren aurrean, hizkuntza politika sendoagoak eskatu dituzte, apustu handiago bat egitea fikzioa indartzeko, baina garrantzitsuena gazteengana heltzea denez euskarazko erreferente eta sortzaileak behar direla azpimarratu dute.
Lea-Artibai. Lea-Artibai eskualdean ere egin ditu inkestak UEMAk. Guztira, 982 inkesta jaso dituzte, eta horien arabera euskara dute lehen hizkuntza eskualdeko ikasleek (%62,6), batez ere ikasgelan (%89,5), ikaskideekin gelatik kanpo (%85,2), lagunekin (%84,3) eta eskolaz kanpoko jardueretan (%82,6) aritzen dira euskaraz, eta kopuru txikiagoan bada ere, baita etxean ere (%78,2). Hala ere, gainontzeko udalerri euskaldunetako gazteen modura, ikus-entzunekoen kontsumoari dagokionez, gaztelania nagusitzen da ein handi batean. Ordea, edukiak argitaratzeko orduan, euskara dute lehen aukera.
Hedapen handieneko sareen artean dago Instagram ere. Kasu horretan eskualdeko ikasleek euskara aukeratzen dute nagusiki euren edukiak argitaratzeko.
Telebistari dagokionez, adinaren arabera kate bakoitzaren kontsumoa aldatu egiten da, baina telebistaren kasuan ETB1 da gehien kontsumitzen dena (%29,9) eta horren aztetik datoz Clan (%23,8) eta FDF (%23). Plataformen kasuan, berriz, Netflix da, nagusi (%60,8), eta beraz, gaztetxoek ikusi duten azken serie edo marrazki bizidunetatik %8,7k besterik ez du euskaraz ikusi, kontsumitzen dutenaren gehiengoa gaztelaniaz da (%76,9). Inkestak baieztatu duenez, sare sozialek pisu nabarmena daukate gaztetxoen egunerokoan. Erabilienak Youtube (%84,6), WhatsApp (%72,7) eta Tiktok (%65,5) dira. Batez ere gaztelaniazko edukiak ikusi ohi dituzte. Hedapen handieneko sareen artean dago Instagram ere. Kasu horretan eskualdeko gaztetxoek euskara aukeratzen dute nagusiki euren edukiak argitaratzeko.
Ikus-entzunezkoen kontsumoagaz lotuta, musikarena ere aztertu dute inkestaren bidez: ikasleek non eta zein hizkuntzatan entzun ohi duten musika. Eskualdeko gaztetxo gehienek Youtube (%79) eta Spotify (%64,4) aukeratzen dituzte musika entzuteko eta batez ere gaztelania da nagusitzen dena (%27,1), hala ere, %24,8 berdin aritzen da euskaraz eta besteetan.
Azkenik, bideojokoen kontsumoa hartu dute aztergai; horietan ere gaztelania izaten da aukera. %56,1 aritzen da gaztelaniaz, euskaraz, aldiz, %3.