Domekan aurkeztuko dute ‘Mendia’ film laburra
Ondarroako Beikozinin aurkeztuko dute, 19:00etan. Bertan izango dira, besteak beste, Aurrera Mendi Taldeko, Mendi Tourreko eta Aurrera Futbol Taldeko ordezkariak.
Aurrera Kirol Elkarteak bere sorreraren mendeurrena bete zuen 2021ean. Baina, orduan ezin izan zuten 100. urteurrena ospatu, koronabirusaren pandemiak eragotzi egin zielako. Orain, ostera, omenaldiei ekin diete kirol elkarteko hainbat taldek. Pilota taldekoek, esate baterako, ikastaro batzuk antolatu zituzten eta, orain, Aurrera Mendi Taldekoek ikus-entzunezko formatua baliatu dute, elkartea omentzeko: Mendia izeneko film laburra egin dute Mendi Tour ekoiztetxearekin elkarlanean.
Aurrera Mendi Taldeko ordezkari Fede Arantzamendik azaldu duenez, film labur bat egitearen ideia “mendi taldetik bertatik” ernaldu zen: “Elkartearen mendeurrena omentzeko proposamen polita, berezia eta originala zelan iruditu zitzaigun, eta, horretarako, laguntzailerik onenak topatu genituen, Mendi Tourreko lantaldekoak, hain zuzen ere”.
Hogei minutu inguruko filma da Mendia, eta Ondarruko Beikozini kafe antzokian aurkeztuko dute, domekan. Arantzamendiren ustez, “agertoki oso egokia” da Beikozini: “Film laburra Mendi Tourrekoekin batera bertan aurkeztea proposatu genienean, atoan baiezko borobila eman ziguten, eta munduko erraztasun guztiak eskuragarri ipini zizkiguten; zentzu horretan, film laburraren proiekzioa egiteko espazio oso egokia izango da, eta herritar guztiei bertara hurreratzeko deialdia ere luzatzen diegu”.
Sarrera doakoa. 19:00etan ipini dute domekako hitzordua, eta sarrera doakoa izango da. Aurreratu dutenez, urteurren ospakizun berezi horretan egongo dira Aurrera Futbol Taldeko ordezkariak ere.
Filmaren proiekzioa hasi orduko, Aurrera Mendi Taldekoek eta Mendi Tour ekoiztetxekoek egitasmoaren nondik norako guztiak azalduko dituzte, “hitzaurre modura”; jarraian, film laburra ikusteko aukera edukiko dute bertaratzen diren guztiek. Ondoren, Arantzamendik adierazi duenez, guztien “iritziak, ekarpenak edota iradokizunak” kontuan hartuko dituzte mendi taldekoek, eta mikrofonoa irekita egongo da, berba hartu gura duen edonorentzat.