Martxan dago Lea Ibarreko 2023ko Egutegi Lehiaketa
Baserri Mundua izango da gaia. Argazkiak Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa osatzen duten herrietan ateratakoak izan behar dira.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak 2023ko egutegia osatzeko lehiaketa abiarazi du. Gaia Baserri Mundua da, eta lanak aurkezteko azken eguna urriaren 26a izango da.
Argazki, marrazki edo ordenagailuz egindako konposaketak onartuko dituzte. Hori bai, argazkiak Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa osatzen duten herrietan ateratakoak izan behar dira. Argazkietan jendea agertuz gero, baimenak beharko direla jakinarazi dute.
Lanak, titulu bat jarrita eta non atarata dauden zehaztuta bidali behar dira mankomunazgoa@gmail.com helbidera. Gehienez lau lan aurkeztu ahalko ditu bakoitzak, eta egilearen izen abizenak ere gaineratu behar dira mezuan.
Formatuari dagokionez, lanak horizontalak izan behar dute eta jpg formatuan aurkeztu behar dira.
Sariak. 250 euroko sari bi banatuko dituzte: epaimahaiaren saria eta ikusleen saria. Urriaren 28tik azaroaren 4ra egongo da bozkatzeko aukera (botoa emateko lotura aurrerago zehaztuko dute). Finalista geratzen diren hamabi lanak argitaratu egingo dituzte hilabetez, izenburuagaz eta egilearen izen-abizenekin.