Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitiak lehen bertsoak kantatuko dituzte Bertsolari Txapelketa Nagusian
Asteburuan izango dute txapelketako lehen saioa markina-xemeindarrak eta lekeitiarrak. Ibarzabal Gotaine-Irabarnen ariko da bihar [urriak 1], eta Galletebeitia, etzi [urriak 2], Gasteizen.
Bertsolari Txapelketa Nagusiak hitzordu bikoitza du asteburu honetan, Gotaine-Irabarnen eta Gasteizen jokatuko baitira lehen saioko bi saio. Zapatuan [urriak 1] 17:00etan jokatuko da Gotaine-Irabarneko herriko gelan Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren saioa, eta oholtzara igoko diren sei bertsolarien artean Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra egongo da. Beragaz batera ariko dira Ane Labaka Mayoz, Eneko Lazkoz Martinez, Julio Soto Ezkurdia, Oihana Iguaran Barandiaran eta Patxi Iriart Hiribarre bertsolariak.
Asteburuko bigarren hitzordua Gasteizen izango da, domekan [urriak 2]. Bertan kantatuko du Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak. Galletebeitiagaz gain Amaia Iturriotz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola ariko dira bertsotan Europa Biltzar Jauregian, 17:00etan hasita.
Sarrerak. Gotaine-Irabarnen zein Gasteizen 15:00etan irekiko da sarrerak eskuratzeko leihatila eta 16:00etan aretoetako atea. Sarrerak eskuragai daude baita ere Bertsosarrerak Interneteko atarian.