Obrak burutuko dituzte San Inaziotik Artabiderainoko bidean
Lanak datorren astean hasiko dira, eta azaroa amaitu orduko lanak bukatuta egotea aurreikusten da.
Ondarroako Udalak oinezkoen segurtasuna bermatu eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz, obra lanak egingo ditu San Inazio kaleko 20.zenbakitik hasi eta Artabideko 7.zenbakiraino. Lanak datorren astean hasiko dira, eta zatika burutuko dira. San Ignazio eta Ikastola kaleak bat egiten duten lekutik hasi, eta Zubi Barrirainokoa izango da landuko duten lehengo gunea.
Obra lanak burutzearen bi arrazoiak aipatu dituzte. Batetik, aipatutako bidearen aldeetan, gaur gaurkoz, pilona txikiak daude, “borobil erdi formakoak dira, eta herritar askok izan dituzte ezbeharrak horiek jo eta erorita”. Bestetik, Erriberatik hasi eta Artabideraino dagoen zoruak ez du irisgarritasun baldintzarik betetzen, oinezkoentzako zein gurpildun aulkiekin edo bizikleta eta patinekin doazenei ibilbidea zailduz.
Hori horrela izanik, Nasa kalean dagoen asfalto inprimatua ipintzea erabaki dute. Zorua plataforma bakar bat bailitzan ipintzea, pilona txikiak kendu eta zorua leunduta. “Helburua Nasa kalean dagoen moduko asfalto inprimatua ipintzea da, irisgarria eta segurua”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Alkateak.
Herritarren ahotsa. “Urtean zehar egiten ditugun lanketetan, Ondarru Lagunkoia prozesua esaterako, herritarrek euren ondorioak erakusten dizkigute eta horietako bat da San Inaziotik Artabiderainoko zorua konpontzearena eta piboteak kentzearena. Karenka elkarteak ere gisa honetako ekarpen asko egiten ditu eta elkarlan horri esker egiten dira konponketa horiek”.
Hilabete eta erdiko lana izatea aurreikusten da, beti ere eguraldiaren baldintzapean.
Aipatutako lanez gain, Zubi Barriaren erdian dagoen bi errailak banatzeko granitozko lerroa ere desegin egingo da. Eta estolderia eta gainerako arketak ere moldatuko dira, kalearen itxura berrira egokitzeko eta euri urak hobeto bideratzeko.
Kilometro pasatxoko eremuan egingo dira lanak, eta hilabete eta erdiko lana izatea aurreikusten da, beti ere eguraldiaren baldintzapean. Proiektuak 156.677,24 euroko aurrekontua dauka eta Lasuen enpresak gauzatuko du.