Ikusezinaren edertasuna
Mutrikuko Espeleologia Taldeko kideek Larra 2022 espedizioan parte hartu dute.
Leizeak arakatu eta ikertzen dituen zientzia da espeleologia, hainbat alor aztertzen dituena, nahiz eta askotan kirol modura sailkatua izan. Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeak lan horretan dihardu, eta eskualdeko hainbat espeleologo daude taldean, tartean, Josu Zeberio eta Iker Alkorta ondarrutarrak.
Lur azpian burutzen den lana izanik, askotan jendearen begietara ere ezezaguna bilakatzen dena, esperientzia ikaragarri bezala definitu dute: «Inork inoiz zapaldu ez duen galeria batean egotea, argia ere heldu ez den leku batean, ez dago ezer horrekin konparatu daitekeenik. Zirrarak gorputz guztia astintzen dizu, hankak dardarka izaten ditugu emozioagaz».
Espeleologia talde bakoitzak inguru karstiko bat du zehaztuta eta hori lantzeaz arduratzen da. Udan, berriz, proiektu amankomunak egoten dira, tartean, Larra 2022 proiektua. 30-35 parte hartzaile izaten ditu espedizioak. 1979. urtean aurkitu zen Ilaminako ateetako leizea, eta hain zuzen ere leize hori ikertzen jarraitzea da espedizioaren helburua: «Aurkitu zuten momentuan munduko bigarren leizerik sakonena zen. 100 metroko soka zuten, eta 400 metro jaitsi ziren bi espeleologo haiek».
Euskal espedizioa izanik, Madrilgo, Belgikako, Andaluziako eta Kataluniako espeleologoek ere parte hartzen dute. Leizea aurkitu eta lehenengo bi urteetan 13 kilometro landu zituzten, 1.400 metroko sakoneraraino. 2013. urtean Euskal Espeleologia Elkargoak lanari ekin zion berriz ere, eta urteroko lanari esker, gaur egun 32 kilometro ikertu dituzte.
Aurre lanketa. Espedizioak antolakuntza lan handia eskatzen duten ekimenak dira, akatsik txikiena garesti ordaintzen da muturreko egoera horietan, hortaz, lan handia egin behar da aurretiaz. Lehenik, material guztia mugitu behar da kanpamentu basera, taldeak antolatu eta materiala ziurtatu. Horretarako hiru koordinatzaile daude, lehenengoak baimenak lortzen ditu, bigarrena materialaz eta helburuak finkatzeaz arduratzen da, hirugarrena, berriz, lan taldeaz arduratzen da. Hain zuzen ere, Zeberioren kargua da hori.
Aurre lanketa burutzean berebiziko garrantzia du fisikoki ondo egoteak, eta teknikoki jakintza izateak.«Jakintza handia behar da muturreko egoera horietan ibiltzeaz gain, akatsik gabeko jarduera aurrera eramateko. Beldurrik handiena istripuak egotea izaten baita». Hori dela eta, garrantzitsua da talde orekatuak egitea, bai teknikoki eta baita izaera aldetik ere: «Tentsio egoera asko ematen dira, muturreko egoeratan egoera zailak ematen baitira».
Aipatutako ezaugarriez gain, beste puntu garrantzitsu bat dago, burua. Beharrezkoa da jendearekin egoerak ondo lantzea, sentsibilitate ezberdinak dituen jendea batzen denean, egoerak landu behar baitira: «Behin behean zaudela, beldurrak ateratzen dira, baita helburu ezberdinak eta ego kontuak ere». Hori dela eta, talde multidiziplinarrak sortzea eta profil osagarriak lotzea garrantzitsua da.
Muturreko egoerak. Lau kideko taldeak osatzen dituzte, eta gutxienez bost egun egiten dituzte barruan lanean. Talde bat ateratzean, beste bat sartzen da: «Egun bat edo bi behar dira kanpamentura heltzeko, beste hiru egun ikertzen ematen dituzu, eta bueltatzen beste bi. Egun oso politak dira, eta aldi berean gogorrak». Lur azpitik sakonera izugarrietan, 4-5 gradutara, hezetasun handiagaz, eta argi barik egotea, espeleologo bakoitzak modu batera bizi duen egoera izaten da, baina «aparteko esperientzia bat da».
Lana burutzean, berebiziko garrantzia hartzen du komunikazioak, kanpoaldearekin komunikatzeko baliabide bakarra antena bidezko komunikazioa izaten da. Hortaz, egunean behin edo bitan, antena ondora hurbildu eta kanpoko taldearekin komunikatu behar dira, zehaztutako orduetan. «Lehenengo galdera, ondo zaudete? Izaten da». Ondoren eguraldiaren berri ematea, bi puntu horiek beharrezkoak dira.
Alkortak lehenengoz parte hartu du espedizioan, eta esperientzia ederra izan dela aitortu du: «Lehenengo jaitsiera gogorra da, zirrikitu txikiak dira, arrastaka zoaz… baina behin behean zaudela galeria handietan egotea, oinez egiteko lekuak izatea, beste mundu bat da».
Aurtengo hiru helburuak bete dituzte. Lehenik, istripurik ez izatea, «hor behean hanka bihurtzeak adibidez, egoera asko zailtzen du, asteak igaro ahal dituzu atera gabe». Bestetik, galeria berriak aurkitzea. Aurtengo datuak nabarmenak dira, hiru kilometro eta erdi gehiago ikertu dituzte. Azkenik, pasaden urtean aurkitutako erreka lantzea. Izugarrizko lana eginik, datorren urteko helburua «Hiru erregeen mahaia azpian dagoen leizea ikertzea eta landutako gunearekin bat egitea» izango dute.