Kinkea egitasmoak 6.900 euro banatu ditu Lea-Artibain
Etxerat elkarteak sustatzen duen egitasmoak udazkeneko zozketa egin du, eta, besteak beste, diru sariak Markina-Xemeinen eta Ondarroan tokatu dira.
Egitasmoak euskal presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzea ditu helburu. Aurten, egitasmoaren baitan urtaro bakoitzean zozketa bat egin da, eta orain udazkeneko zozketako sariak jakinarazi dituzte; urteko hirugarren zozketa izan da udazkenekoa. Markina-Xemeinen 5.000 euroko sari bat eta 100 euroko bi sari banatu dituzte, eta Ondarroan 1.000 euroko eta 500 euroko sari bana eta 100 euroko bi banatu dituzte. Oro har, egitasmoaren urteko hirugarren zozketan Bizkaian 17.000 euro banatu dituztela esan dute.
[ikus hirugarren zozketako ZENBAKI SARITUAK]
Etxerat elkarteak duela bost urte jarri zuen abian Kinkea egitasmoa. “Promozio bakoitzeko 20.000 artelan saltzen dira. Aurtengo artelanak Arantza Eziolaza irudigileak egindakoak dira”. Udaberrian egin zen lehenengo zozketa, eta horretan Ehule izeneko irudia banatu zuten. Udako promozioan, ostera, Mezulari artelana banatu zen. Eta orain egin berri duten promozioan Paketea/Memoria ilustrazioa izan da. Elkarteak aurreratu du laugarren zozketan Itzulera izeneko lana banatuko dutela.