San Jeronimo jaiak, giro paregabean
Gaur [irailak 30] egun osoko egitarauarekin osatu dute San Jeronimo eguna, Mutrikuko Mijoa auzoko kideek.
Auzotarrek goi goitik hasi dituzte auzoko jaiak. Goiztiarrek antolaketa lanei eutsi diete, eta eguna behar bezala gozatzeko egin beharreko prestakuntzak burutu dituzte. Bazkarirako aterpea prest, txosnan janari usain goxoa, herri kiroletako materiala prest, eta mezarako karpa ezarrita. Txoko txikiak ematen duen berotasunarekin, auzotar zein hurbildutako guztiak, prest zeuden jai giroari martxa emateko.Â
Egitarauan ageri bezala, mezarekin eman diote hasiera egunari, ohi legez. Eta ondoren, herri kirolen txanda heldu da. Haur zein nagusi, gogotsu zeuden egunarekin gozatzeko eta giroan nabaritzen zen. Mikel Agirre ondarrutarra eta Ioritz Gisasola mallabitarra plazaratu dira auzotarren txalo zaparrada artean. Erronka ezarrita zuten, eta Gipuzkoako auzoaren begiradapean zeuden bizkaitar biak. Nor baino nor gehiago aritu ostean, lehia barik, jai giroa nagusitu da auzoan. Profesionalen txanda bukaturik, auzotarren txanda heldu da.Haur eta gazteak plazaratzeko gogotsu zeuden, eta salto egin dute; trontzan, lokotx batzen, txinga eramaten, edota ingudea altxatzen. Proposatu ahala parte hartzen zuten auzoko txikienek. Baina nagusiek ere hortzak zorrotz zituzten, eta erronka bat ezarri dute: bikote mistoen arteko lehia egitea trontzan. Jada jendez inguraturik zegoen gunea, eta erronka proposatuaz batera  lau bikote animatu dira. Une polita bizi dute bada, lau bikoteez gain, ikuskizunaz gozatzeko aukera izan duten guztiek.Goiza gelditu gabe aritu ostean, ordea, bazkaltzeko unea heldu zaie. Aterpean prestatutako 60 lagunentzako bazkariari bide eman diote. Arratsaldean, berriz, Ibiriko pottoka eta zezen txikiekin saltaka ibiltzeko aukera izango dute. Ondoren, atsedenaldirik utzi gabe, giroa puntu puntuan mantentzeko asmoz, erromeria hasiko da 19:00etan. Aurten, Gaurargi taldea izango da auzotarrak dantzan jartzeko helburua izango duena.