Sarek urriaren 8ko ekimena erdigunean jarri du Mutrikun
«Etxera bidea gertu!» lelopean egun osoko egitaraua antolatu dute adin tarte guztientzat. Goizean manifestazioa burutuko da, eta ondoren, jaialdia.
Sarek urriaren 8rako antolatutako mobilizazio eta jaialdiaren berri emateko ekimena burutu zuten atzo, Mutrikun. 19:00etan ezarri zuten hitzordua Etxera bidea gertu! lelopean Donostian egingo den ekimena erdigunean jartzeko, eta asko izan ziren hurbildu ziren herritarrak.
«Egun berezi honen bitartez bi mezu helarazi nahi ditugu», esanaz eman zioten hasiera aurkezpenari. Lehenik, ekimenaren leloari erreferentzia egin zioten, «euskal presoak etxetik gero eta gertuago daude eta herritarrok prest gaude etxeratze prozesu hori gauza dadin». Bigarren mezua eskerrak ematera bideratu zuten. «Gertutasuna aurrerapauso bat izanik, eskerrak eman nahi dizkiegu bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei, guztion artean aurrera urrats hori ospatuz».
Orain arte lortutakoa aipatu arren, bidea egiten jarraitu beharra dagoela azpimarratu zuten hizlariek: «bidea egiteke dugula gogorarazi nahi dugu». Modu horretan, Izan Bidea dinamikaren baitan ezarri den 3.127.326 kilometro egiteko erronkari amaiera emango zaio urriaren 8ko Donostiako ekimenean. Hain zuzen ere, azken kilometroak Donostiako kaleetan egingo dira, eta ondoren, Ilunbera eramango duen manifestazio koloretsuari ekingo diote, gero, egitarau osatuagaz datorren jaialdiari paso emateko.
Sarek aldarrikapena eta festa batu nahi ditu, beraz, urriaren 8an Donostian, «urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan diren herritar oro Donostian batuz». Helburu hori erdigunean ezarrita, Mutrikuko herritarrei manifestazio nahiz jaialdira hurbiltzeko deia luzatu zieten atzoko ekimenaren bitartez.
Urriaren 8koa egun osoko ekimena izango bada ere, lehenengo urratsa, Izan Bidea erronkaren azken kilometroa egitea izango da, 11:00etan Bulebarretik hasita. 12:00etan, berriz, Pio XIItik abiatuko da manifestazioa, Ilunberaino helduko dena. Eta ostean, jaialdiari bidea emango zaio. Etxera bidea gertu! lelopean antolatutako egun osoko egitarauak, adin tarte guztientzako eskaintzak ekarriko ditu. Hala nola, txosnen gunea, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea eta kontzertu eskaintza zabala egongo dira. Jakinarazi dutenez, eguerdi aldera hasiko dira ekimenak. Hori dela eta, taloak, bokatak eta paella jateko aukera ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Haurrentzako eskaintzari dagokionez, Porrotx eta lagunen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da, oreka jolasak, tirolina, aurpegi margoketa eta askoz gehiago eskainiko dituen gune egonkor batean. Kontzertuen eskaintza Ilunbe barnealdean hasiko da, 15:30etik aurrera. Baina aurretik Maddalen Lujanbio, Amets Arzalluz eta Eñaut Elorrieta izango dira jaialdiari hasiera emateaz arduratuko direnak, oholtzara igota.
Sarrerak eskuragarri. Jaiari hasiera eman bezain laster kontzertuak hasiko dira. Gustu guztientzat gozagarri izango den kartela osatu dute. Bestak beste Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi etaTrikidantz taldeek joko dute.
Jaialdirako sarrerak oraindik ere eskuragarri daude www.sare.eus web orrialdean, baina, datorren eguaztena izango da sarrerak lortzeko azken eguna. Gainera, Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat herritatik autobusak antolatu dituzte ekimenetara joatea ahalbidetzeko asmoz, eta irteera ordu bateratu bat dagoen arren, bueltako hainbat ordu eskaini dituzte. Herri bakoitzak zehaztuta ditu jada irteerako eta buelta egiteko ordutegiak.
Autobusak
- Lekeitio
Irteera: 10:00etan, Mandaskatik.
Buelta: 14:00etan Markina-Xemeinen geldituko den autobusean, edo Lekeitiora zuzenean, 22:30ean eta 03:30ean.
Izen ematea: Guzurmendin eta Galarrenan.
- Markina-Xemein
Irteera: 10:00etan, Kai aurretik.
Buelta: 14:00etan, 22:30ean Berriatuan geldituko den autobusean, eta 03:30ean.
Izen ematea: Loiratz dendan.
- Mutriku
Irteera: 10:15, Goiko paradatik
Buelta: 14:00etan, 22:30ean
eta 03:30ean.
Izen ematea: Zubixan.
- Ondarroa
Irteera: 10:00etan Antzosolotik.
Buelta: 14:00etan, 22:30ean
eta 03:30ean.
Izen ematea: Anaitan.