Txikienen txanda izan da Arretxinagan
Giro paregabean gozatu dute txikienek Arretxinagako Umeen Egunean.
Arretxinagako jaiek hirugarren egunari heldu diote, eta oraingoan txikienak jarri dituzte erdigunean. Hain zuzen ere, gaur [urriak 1] umeei bideratutako hainbat ekimenez osatutako egitarau zabalari ekin diote bazkalostean.
Umeen eguna izanik, beraiek izan dira protagonista, eta nola ez, hauen erantzuna paregabea izan da. 16:30ean, bat ez, bi aukera zituzten aldi berean gozatzeko. Alde batetik, Musika-eskolako bigarren solairuan, Saroa Bikandi ipuin kontalariarekin aritu dira. Ume zein guraso, guztiak aho zabalik egon dira Bikandiren ipuinei arreta osoa eskaintzen. Parte hartzea bereziki polita izan da, eta txikienen arintasuna eta trebetasuna agerian geratu dira.
Bestetik, kanpoaldean, Sormen Tailerreko kideek, eta Guraso Elkartekoek gidatutako tailerra eskaini diete 6 urtetik aurrerako umeei. Batak jantzi eta irudimenari bide eman diote, jolas ezberdinak burutzen zituzten bitartean. Eskuak eta burmuinak martxan jarri dituzte, irribarrez betetako arratsalde bat osatuz.
Ondoren, MarkeliƱe taldearen Chef nature ikuskizunagaz gozatzeko aukera izan dute. Arinenek, lehenengo lekuak hartu dituzte xehetasunik ez galtzeko asmoz. Eta arratsalde polita igaro dute, guraso zein txikiek.
19:00etan, herriko erraldoiak ikusi eta Kittu kaleko musikarekin girotuko dute iluntzea. Gauean, berriz, Txalo konpainiak jokatutako Bost Minutun antzezlanagaz gozatzeko aukera izango dute hurbiltzen direnek.
Bihar. Aringa-aringa Mx taldeak antolatutako I. Arretxinagako Txara Martxa eta I. Txara Trail mendi lasterketari ekingo diote goizean. Ondoren, beteranoen partida jokatuko dute Barroetako futbol zelaian, eta tortilla txapelketari bide emango diote.