II. Aniztasunaren Besarkada Eguna ospatuko dute Ondarroan
Ekairen urtebetetze eguna ospatzeko, herritarrei ekimenez betetako arratsalde berezia eskainiko diote, zapatuan [urriak 8] 17:00etan, Itsasaurren.
Urriaren 13a Ekairen urtebetetze eguna izanik, duela hiru urte egin zuten bezala, Aniztasunaren Besarkada Eguna ospatuko dute Ondarroako Itsasaurren, semeari maitasunez betetako urtebetetze opari bezala.
2019an antolatu zuten lehendabiziko edizioa eta herritarren aldetik izandako harrera ona kontuan izanda, gogotsu zeuden berriz ere ekimenari ekiteko. “Lehenengoan jende asko hurbildu zen eta giro oso ona lortu zen guztion artean, bi urtez ezin izan dugu egin, baina baretasuna ikusi genuen momentuan berriz egingo genuela erabaki genuen”.
Lehenengo edizioan izandako arrakasta ikusita, egituraketari eustea erabaki dute. 17:00etan Andrabanda feministako batukada giroa ezartzeaz arduratuko da, jendea hurbiltzen hasten den heinean. Ondoren, Naroa Alegria txistulariaren doinuak abiatuko dira, eta agurra dantzatuko dute. Ondoren, bertso saioari ekingo diote, eta eguneko ardatz izango den unea helduko da, besarkadarena.
Antolatzaileek “besarkada espirala” bezala definitzen dute: “Korro bat osatzen da ondokoari eskua emanda, eta soka balitz bezala batzen joaten gara, guztiok besarkatuta geratuz”. Energia ona elkarri transmititu ondoren, batukadak eskuak astinduko ditu, eta herritarren gorputzak martxan jarriko dituzte.
Herritarrak egunaren parte izatera gonbidatu dituzte. “Barrenak hustu nahi duen orori dei egiten diogu, hurbildu daitezela, hitz egitera, edota une alai bat pasatzera, besterik gabe”.