Pipas, Lekeitioko azken txakolindegia
Udazkenean sartu gara, eta mahats-mordoak heltzen hasi dira. Mahatsa biltzeko garaia da, eta hori ondo dakite Lekeition geratzen den txakolindegi bakarrean, Pipas Txakolindegian.
Txakolinaren ekoizpena oso garrantzitsua izan da Lekeitioren historian. XIX. mendean mahasti handiak zeuden Mahasti deritzon zonaldean eta baita Lumentza mendiaren inguruan ere. Hainbestekoa zen edari horri ematen zioten garrantzia, ezin zela ardorik kontsumitu txakolinaren ekoizpena agortu arte. Oidium tuckery edo mahastiaren gaixotasuna agertu zenera arte 1.000 txakoli pipa inguru batzen ziren udalerrian, hau da, gutxi gorabehera 940.000 litro.
Baina, mahastien gaixotasunaren eraginez, apurka-apurka, mahastiak, eta horiekin batera txakolinaren ekoizpena gutxitzen joan ziren Lekeition, eta gaur egun, ekoizle bakarra geratzen da udalerrian, Pipas Txakolindegia. Urte askotan, bera izan da Lekeitioko txakolina merkaturatu duen bakarra. Gaur egun, ordea, ekoizpen industriala eten eta etxerako bakarrik ekoizten dute.
Pipas Txakolindegia familia upeltegia izan da; txakolina egiteko tradizioa belaunaldiz belaunaldi mantendu dute. Bertako txakolinak Bakioko txakolin gorrian du jatorria. Bakioko semea zen Pedro Goienetxea Pipas abenturazaleak eman zion hasiera. Pedro Goienetxea baleontzietan ibili zen eta baita Cuba aldetik ere, eta Lekeitiora etorri eta Ispasterko emakume bat ezagutu zuen, Aixerrotako alaba. Haregaz ezkondu eta Lekeition lau seme alaba eduki zituzten. Berak eraiki zuen Pipas etxea eta ekin zion txakolinaren ekoizpenari.
Bakiokoa izanik, haren etxean egiten zuten aurretik edari preziatua. Horrela, mahasti batzuk jarri zituen bere Lekeitioko etxearen inguruan. Bere etxerako eta lagunentzako ekoizten zuen bertan zeukan upaltegi txikian. Pipan erreten zuela eta jarri zioten Pipas ezizena eta izen horregaz zabaldu da mundura bertako txakolina ere.
Aitona hil zenean, haren seme Tiburtzio Goienetxeak eman zion jarraipena tradizioari. Autobusetako gidaria zen izatez. 14 urtegaz laguntzaile moduan hasi zen lanean Bascongados autobus konpainian, eta gero kobratzaile bezala, eta azkenik, gidari. Lanpetuta ibiltzen zen, denbora libre gutxi zuen, baina bere kapritxoa izan zen mahasti batzuk jarri eta ohiturari jarraipena ematea.
Hirugarren belaunaldia. Tradizio horri eusten hirugarren belaunaldia Anton Onaindia amorotarra Tiburtzio Goienetxaren suhina izan da. Australian zazpi urte eta beste zortzi Canadan egin ondoren, berriro Euskal Herrira itzuli eta bere anaiak bezala, suhiltzaile hasi zen lanean. Baserriko kontuak atsegin ditu Onaindiak, eta beraz, mahasti gehiago jarri eta barietatea aldatu zuten 1980-1981 urte artean eta etxerako gehiago egiten hasi ziren. 25 urtetan, gainera, Bizkaiko Txakolina jatorri izena mantendu du. Duela urte bi erretiratu da.
Apirilaren erdi inguruan hasten dira agertzen lehen mahats aleak, baina uzta urrian batzen da, lehenengo asteetan.
4.000-5.000 botila inguru egiten zituzten. Aurretik Americana izeneko barietatea zeukaten, gero Hondarrabi eta Petit Courbu besteak beste. Gaur egun etxerako, lagunentzako, egiten dute eta etiketarik ez daukate. Baina, nahiz eta etxerako egin, txakolingileen elkartean daudenez, bertako enologoaren aholkularitza daukate eta prozesu guztia egiten dute haren laguntzagaz. «Mahatsa da gainean egon behar den gaia. Adi egon behar dugu gaixotasunik ez harrapatzeko», dio Onaindiak.
Onaindiak aitortu duenez, lan handia eskatzen dute mahastiek, «lan konplexua da». Apirilaren erdi inguruan hasten dira agertzen lehen mahats aleak, baina uzta urrian batzen da, lehenengo asteetan. Gradua hartzen dute, enologoaren laguntzagaz. Batu, prentsatu, eta gero, etxean duten upategi txikian hartzitzen eta egiten dute. Apirilean botilaratzen dute; 400-500 bat litro etxerako.
Ahal duen artean jarraituko du elaborazioarekin, baina gehiagorik ez. «Uzta ona biltzen ez baduzu, ezin duzu produktu onik egin. Ezinbestekoa da mahatsa osasuntsu egotea, eta gero, hartzidurak eta ontzi-aldaketak egiten eta kontrolatzen jakin behar duzu, noiz eta zelan egin. Ordu asko eramaten du».