Berriatuko Pro Am zesta txapelketako finalaurrekoak zehaztuta daude
Arbe eta Lekue Antxon eta Salegiren aurka eta Bixente eta Manzi Urrutia eta Aimarren kontra ariko dira barikuan [urriak 14]
Antxon-Salegi eta Alex-Atain bikoteak. Argazkia: Berritxu zesta eskola Barikuan [urriak 7] jokatu zen Pro Am txapelketako azken jardunaldia Berriatuko Mendibarren frontoian. Partida erabakigarriak ziren biak ala biak, finalaurrerako txartelak zeuden jokoan bi multzoetan. Eñaut-Ibarluzea Urrutia eta Aimarren kontra jokatu zuten eta Antxon eta Salegik Alex eta Atainen aurka. Antolatzaileek frontoiko giro “aparta” nabarmendu zuten beste behin.
Lehen lehian Eñaut eta Ibarluzea eta Urrutia eta Aimar aritu ziren nor baino nor. Irabazleak finalaurrekorako txartela eskuratuko zuen, bi bikoteek Arbe eta Lekueren kontra galdu baitzuten. Lehen tantoa Eñautek eta Ibarluzeak egin arren, Urrutia eta Aimarrek lortu zuten markagailuko lehen abantaila 1-4koagaz. Hortik aurrera lehia asko berdindu zen, baina lehen seteko azken zatian ohi biano huts gehiago egin zituzten mutrikuarrak eta markina-xemeindarrak. 10-8 aurreratu ziren, baina 0-6ko partzialagaz buelta eman zioten Urrutiak eta Aldazabalek lehen seta eskuratu arte: 13-15. Bigarren seta askoz berdinduagoa izan zen, sei berdinketa egon ziren guztira eta 14-14koagaz azken set erabakigarrira bidali zuten lehia gazteagoek. Hirugarren eta azken setean, Aldazabal berrituarrak bere esperientzia baliatu zuen agintzeko eta sendo jokatuz finalaurrekorako txartela eskuratu zuten, 2-5.

Thomas Urrutia eta Aimar Aldazabal. Argazkia: Berritxu zesta eskola
B multzokoa ere lehia zuzena zen. Antxon eta Salegik gazte markina-xemeindarren urduritasuna baliatu zuten markagailuan zuloa irekitzeko, 2-7 eta 4-9. Pixkanaka Alex eta Atain lasaitzen joan ziren bikotearen maila handia erakutsiz, 11-12 jartzea lortu zuten. Tanto garrantzitsuetan, berriz, etxeberritarra eta markina-xemeindarra gehiago izan ziren, 12-15. Bigarren setaren hasiera berdindua izan zen, partida ez zen 9-9kora arte apurtu. Antxon eta Salegi hobeto aritu ziren eta zuzenean garaipenera arte joan ziren, 10-15.
Barikuan [urriak 14] 20:00etan hasiko dira Berriatuko Mendibarren frontoian finalaurrekoak. Batetik, Arbe eta Lekue Antxon eta Salegiren aurka, eta bestetik, Bixente eta Manzi Urrutia eta Aimarren kontra ariko dira. Finala datorren astelehenean [urriak 17] jokatuko da eta EITBren kameren bidez jarraituko ahalko da.