Lekeitioko Kitto merkatari elkarteak udazkeneko zozketa jarri du martxan
Elkarteko dendetan gastatzeko hiru sari banatuko dituzte urriaren 22an
Lekeitioko Kitto merkatari elkarteak udazkeneko zozketa antolatu du udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailagaz. Lekitton bizi, herrian erosi, danok irabazi lelopean elkarteak herrian gastatzeko bultzada eman nahi diete herritarrei.
Hain zuzen ere, lekeitiarrek elkarteko dendetan erosketak egiterakoan lortuko dituzte zozketan parte hartzeko txartelak. Hiru sari nagusi banatuko dituzte Kittoko salmenta guneetan erosteko: 500 euroko lehen saria, 300 euroko bigarren saria eta 100 euroko hirugarren saria. Zozketa urriaren 22an egingo dute 14:15ean, eskolapean.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, sarietako 100 euro gastatu ahal izango dira denda bakoitzean. Horrez gain, erosketak etxetik egiteko aukera dagoela gogoratu dute Lekeitioko merkatari elkartekoek www.lekittonline.com webgunean. Lekeitioko Kitto elkarteko parte diren 38 dendek parte hartzen dute udazkeneko zozketan.