33. Kalekarako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago
Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdian parte hartu nahi duenak abenduaren 6a du izena emateko azken eguna
Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen 33. Jaialdia 2023ko uztailean ospatuko da. Atal ofizialean parte hartu nahi dutenek zabalik dute proposamenak aurkezteko epea abenduaren 6ra arte. 2022ko udan 21.000 ikusle batu zituen Kalekak.
“Kalekaren deialdia espazio publikoa edo izaera bitxiko espazioak gaurkotasunean burututako sorrera-lanak aurkezteko erabiltzen dituzten artista, kolektibo, elkarte profesional edo/eta edozein autoretza motarentzat irekia dago”, esan dute antolatzaileek. Kale arteen mailan jasota dauden edozein motatako lanak izan daitezke hautatuak. Era berean, kontuan hartuko dituzte maila horretan ez dauden ikuskizunak, “espazio publikoa garapen-bide eta lanaren aurkezpen publiko bezala hartzen dituzten lanak”. Proposamen guztiek zuzenduta dagoen publikoarentzako adierazi beharko dute: publiko guztiak, haurrentzako, familientzako edo helduentzako.
Hautaketa irizpideei dagokionez, jaialdiak proposatutako eremuagaz eta Lekeitioko testuinguru sozial eta geografikoagaz egokitzapen maila hartuko dute kontuan. Kaleka inongo disziplina eta formatura mugatuta ez dagoenez, proposamenak zenbait lehentasunetara egongo dira lotuta. Esate baterako, proposamenak publiko desberdin eta belaunaldi arteko publikoei zuzenduak egotea edo hauen izaera berria mantentzea. Horrez gain, interakziorako eta parte hartzerako modu berriak sustatzea nahi dute. Azkenik, inguruneko baliabide material zein inmaterialen ustiapena izango dute kontuan hautaketan.
Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiak www.kaleka.eus webgunearen bidez bakarrik jasoko ditu proposamenak. Bertan dagoen inprimakiaren bidez bidalitakoak bakarrik onartuko dituzte. “Ez dira email edo beste edozein bidez bidalitakoak onartuko”, zehaztu dute. Proposamenk bidaltzen dituztenek jasotze baieztapen bat jasoko dute.
Lanen balorazioa eta hautaketa prozesua 2023ko urtarrilean egingo dute eta erabakia proposamen eskaera bakoitzari jakinaraziko zaio email bidez. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, proposamena aukeratua izanez gero, deialdian bidalitako irudiak jaialdiak erabili ditzake proposamenaren edota jaialdiaren difusio eta promoziorako