'Eztanda' egingo du 57. Durangoko Azokak
Betiko formatua berreskuraru eta online dendari eutsiko dio aurten Durangoko Azokak. Ondoko guneak egongo dira: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. Horietan egon nahi duten sortzaileek euren proposamena bidal dezakete urriaren 15era arte.
EztanDA leloa edukiko du 57. Durangoko Azokak, eta abenduaren 7tik 11ra egongo da zabalik. Aurkezpena gaur [urriak 11] egin dute, eta esan dute ohiko formatua berreskuratuko duela Durangoko Azokak aurten. Dena dela, aurrez aurreko salmentez gain, online dendari ere eutsiko diotela esan dute. “Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez irango duen eztanda”, esan du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak.
Kartela. Aurtengo ildo nagusiak aurkezteagaz batera, aurtengo irudia ere aurkeztu dute, Ruben Ramos diseinatzaileak sortutakoa. Azaldu duenez, bere ilustrazioak “unibertsoaren eta Big Bang-aren hedapena” irudikatzen du: “Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da”. Sortzaileak dio gazteak izan dituela jomugan kartel garaikidearen sorkuntzan. “Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute, eskuz landutako tipografia psikodelikoarekin”.
#57DA #eztanDA | Prentsaurrekoa🎙️
— Durangoko Azoka (@durangokoazoka) October 11, 2022
Aurten bai, aurten EZTANDA! egingo du Azokak!💥
Ruben Ramos ilustratzaileak jarri dio irudia biziko dugun Big Bangari. 🎨 pic.twitter.com/twH9Cv6n5k
Ikasle Goizaz gain, Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia guneak egongo dira aurten ere. Horietan, diziplina ezberdinetako sortzaileek euren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta hori egin nahi dutenek euren proposamenak bidal ditzakete urriaren 15era arte.
Online eskaintza. Martxan abenduaren 7tik 10era bitartean.
Jakinarazi dutenez, Durangoko Azoka amaituta, kulturaren plazak jarraipena izango du Zu non, han DA! egitasmoaren bidez. Hala, Euskal Herriko hamaika liburudendetan, azokan eskuragarri egon diren nobedadeak erosteko aukera egongo da, hirugarren urtez. Aurten, lehenengoz, liburu aurkezpenak ere antolatuko dira liburudendetan.